INFO

Mixel Berhocoirigoinen omenezko eguna antolatu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak

Maiatzaren 7an Ainhize-Monjolosen Euskal Herriko Laborantza Ganbararen lehendakaria izan zen Mixel Berhocoirigoinen omenezko eguna ospatuko du erakundeak, bere heriotzaren lehen urte izanen den lehen egunean. EHLBren 17. urteurrena ere ospatuko dute.

Mixel Berhocoirigoin 2014ean Udabiltzaren biltzarrean. ((GAIZKA IROZ))

Mixel Berhocoirigoin zendu zela urtebete eginen duen maiatzaren 7an Ainhize-Monjolosen bere omenezko eguna ospatuko dute. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatu du, bere lehendakaria izan zena gogoan atxikitzeko. Aldi berean, EHLGren 17. urteurrena ospatzeko ere izanen da.

ELB sindikatuaren sortzailea, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sustatzailea eta, bere bizitzaren azken urteetan, bakegilea ere izan zen Berhocoirigoin joan den urteko maiatzaren 7an zendu zen.

Lekukotasunak, bideoak eta bertsoak izanen dira Berhecoirigonen bizitza eta lana gogoan izateko: «Bere biziko hainbat etapa eta laborantxan, Euskal Herrian eta munduko herritar bezala egin dituen ekarpen, ekintza eta gogoetak aipatuko ditugu irudi, idatzi eta lekuko batzuen bidez».  

Kontzertuak ere izanen dira Bokale Brass Band, Kurtney Barnetx, Pelax, Fusible, Willis Drummond eta DJ Xa2 & DJ Bixtüken eskutik. Goizeko 10:00etan abiatuko da eta egun guztian zehar luzatuko da.

Hutsunea

Laborantza Ganbaratik nabarmendu nahi izan dutenez, «hutsune bat utzia du, ez da dudarik, bainan aitzina segitzeko gako anitz ere» eman zizkien eta omenaldiaren bitartez hori azpimarratu nahi dutela.

Aldi berean, «omenaldi hau izan dadila, Mixel eta beste hainbestek mundu hobe bat eraikitzeko egin pausuen adierazle eta belaunaldi berrien inspiratzaile» opa dute.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehen lehendakaria eta horregatik Gobernu frantsesak epaitegietara eraman zuen. Azken urteetan, aldiz, bakearen artisau gisara egin zen ezagunagoa, ETAren armagabetzean eta euskal gatazkaren konponbidean hartu zuen konpromiso eta ardurengatik.