INFO

Donostiako EH Bildu eta PSEk mozio bat adostu dute Gipuzkoako garraio publikoa merketzeko

EH Bildu eta PSEren Donostiako udal taldeek mozio bat aurkeztuko dute osteguneko bilkuran, Gipuzkoako garraio publikoaren tarifak jaitsi daitezela eskatzeko.

Lurraldebus-en autobus bat, Astigarragan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako EH Bildu eta PSE mozio bat adostu dute astearte honetan, Gipuzkoako garraio publikoaren tarifak jaisteko eta, horrela, «pertsona ahulenen egoera arintzeko». Osteguneko osoko bilkuran aurkeztuko dute mozioa.

Jakinarazpen batean, EH Bilduren udal taldeak tarifen prezioa jaistearen alde egin du, «egiten den bidaia edozein dela ere, edo erabiltzen den garraiobidea trena, Lurraldebus edo dBus dela».

Koalizio subiranistaren ustez, «1/2011 Foru Dekretuaren 2. Xedapen Gehigarria aktibatzeko unea da». Horren arabera, Bidegiren diru-bilketaren ehuneko bat garraio publikoa sustatzeko erabiliko da, horretarako Europako Zuzentarauak irekitzen duen bidea erabiliz.

Gainera, garraio publikoaren tarifak murriztuz klima-aldaketaren aurkako borrokan lagunduko litzatekeela defendatu du, «erregai fosilak erabiltzen dituzten ibilgailuen zirkulazioak eragindako co2-emisioak murriztuko liratekeelako».

EH Bildu, Mugi zabaltzearen alde

EH Bilduk, bestalde, Mugi deskontuen laugarren erabilera-tarte bat sortzea proposatu du, «sektore gehiagotara zabaltzeko». «Zehazki, laugarren tarte horrek garraio publikoa gehien erabiltzen duten pertsonen zerbitzuak merkatzeko balioko luke (hilean 31 ibilbidetik 50era)», azaldu du.

Gainera, EH Bilduk eta PSEk deskontu-tartearen bigarren zatiaren deskontuak izateko behar diren ibilbideen kopurua jaistea proposatu dute, 20 bidaiatik 16ra.

Zehatzako, mozioak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari eskatuko dio «tarifak jaisteko aukera eta horrek izan ditzakeen ondorioak aztertzeko, eta, hori eginda, gutxienez, hurrengo bi ekitaldietan tarifa-prezioei eusteko, betiere ekiditeko garraio publikoaren erabiltzaileek beren soldatekin aurre egin behar izatea energia- eta erregai-igoerak eragindako krisiei, eta inflazio handia saihesteko».