INFO

Gertukoenen babesak eta balio zintzoek mugitzen dute Chourraut

Eskubaloi Kopako enbaxadoreen artean da Maialen Chourraut eta asteburuan Donostiako Illunbe pabiloitik ibiliko da, kirolzalea den heinean. Berdintasunera bidean, kirolean aniztasuna izatea, balio onak transmititzea eta ikusgarritasuna nabarmendu ditu.

Maialen Chourraut, Gipuzkoako Aldundiko prentsa aretoan, Iris Moreno kazetariaren galderak erantzuten. (Jon Urbe | Foku)

«Derrigortutako deskantsu honek uretan gazteagotu egingo nau». Hori da Maialen Chourrauten itxaropena, otsail erdialdean sorbaldako lesio baten ondorioz ebakuntza gelatik pasa ostean. Uztaileko Munduko Txapelketa du begi artean, obsesionatu gabe baina lehiaketak larregi atzean utzi barik; «buruak lanean jarraitzen du». Lorpenak lorpen –asko baitira Chourrautek erdietsitakoak, Olinpiar Jokoetako hiru dominak, esaterako–, beti erakusten du bere alde gizatiarrena Lasarte-Oriakoak eta hor ere, mirestekoak diren hausnarketak helarazten ditu. Hankak lurrean dituela ondo baino hobeto erakutsi zuen atzo ere Gipuzkoako Foru Aldundian Iris Moreno kazetariarekin batera eskaini zuen solasaldian.

«Eguneroko beste gauzekin gozatzen ari naiz orain. Errehabilitaziora bizikletan joaten naiz eta sentsazio horrekin disfrutatzen dut. Etxean egoteaz ere gozatzen ari naiz, gero etorriko baitira bidaiak». Onartu zuen ziurgabetasun puntu batekin ere badabilela, inoiz ez baita jakitzen nola errekuperatuko den bat lesio batetik, are gutxiago operazio gelatik pasa ostean, baina zalantzok burura etortzen zaizkionean, ebakuntza «une egokian» egin izanaren konbentzimendua du eta horrek lasaitzen du. Piraguan hain ziur ikusi arren, zalantzez beteriko pertsona baita Chourraut. Ingurukoen babesak indartzen du lasartearra eta kanpoko komentarioei ez die kasu gehiegirik egiten, «zarata gehiegi eragiten dute eta ez da lagungarria».

«Gaur egun salatu egiten dira artikulu desegokiak, ez gara isilik geratzen. Lehen normaltzat jotzen zena orain ez da onartzen»

Balio zintzoenak lagun hazi izanaren konbentzimendua du. «Atletico San Sebastian klubean hasten diren txikienek nire entrenatzaile berdina izaten jarraitzen dute: Luis Murgia. Berdintasunean hezi gintuen, genero ezberdintasunik gabe. Maria Eizmendi, Cristina Etxaniz eta Xabi Etxaniz bezalako erreferenteekin hasi nintzen klubean, hiru kirolari olinpiko». «Zorteduna izan naiz, jada bidea irekita zegoelako; nik urrats horiek apur bat gehiago markatu behar izan ditut», azaldu zuen.

«Tokion gauzak ondo joan ziren eta jakina zen harrera egingo zidala klubak, baina banekien emaitza eskasa izanez gero ere, kluba hor egongo zela», ziurtatu zuen. Izan ere, gogoratu zuen Pekinen Olinpiar Jokoetan debutatu zuenean, «oso gaizki» aritu zela eta hala eta guztiz ere, klubekoen babesa izan zuela. «Porrotean babestu eta garaipenean ospatu», hori da filosofia. «Pertsonak balio du, taldeak, laguntasunak, lanak... ez hainbeste emaitzek».

​Ikusgarritasuna

Tokio inflexio puntu bat izan zelakoan dago, emakumeen eta gizonen kirol modalitateen artean parekidetasuna egon zelako estreinakoz. «Ordura arte emakumezkoen proba bakoitzeko gizonezkoen hiru zeuden eta asko borrokatu da parekatzeko», ohartarazi zuen.

Emakume kirolariekin lotutako informazioaren tratamenduan ere asko hobetu delakoan dago: «Londresen, esaterako, eta ez dira hainbeste urte pasa –hamarkada bat –zenbat kontrazal egon ziren ‘emakume kirolari sexyenen’ ingurukoak? Tokion ez zen horrelakorik egon edo askoz gutxiago, gizarteak ere erantzun egiten duelako. Gaur egun salatu egiten dira artikulu desegokiak, ez gara isilik geratzen. Lehen normaltzat jotzen zena orain ez da onartzen». Diskurtso indartsua azaleratu zuen Maialen Chourrautek, erreferenteak are erreferenteago bilakatzen diren horietarikoa. Lastima prentsa aretoa kasik hutsik egotea. Hori ere bada gizartearen gabezia bat.

Ikusgarritasunari eta ezagutzari eman zion garrantzia, eta gizonezkoen futbolarekin egiten diren alderaketak gehiegizkoak, dimentsioz kanpokoak iruditzen zaizkio. «Helburua horra iristea al da? Patroi horri jarraitzen zaio eta ez dakit guztiok horra iritsi nahi dugun. Gehiegizkoa da. Zergatik nahi dugu hainbeste?». Jakina, hobetzen joan behar denaren zalantzarik ez dauka, baina «politena eguneroko jarraipena egitea da, harmailak beteta ikustea –asteburu honetan Illunben gerta daitekeen moduan–, kirola eta kirolariak ezagutaraztea, Kopa bezalako txapelketak gurean jokatzea... Txikitatik eskola kirolean modalitate ezberdinen arauak eta abar erakusten dituzte eta hor hasten da benetan aberastasuna». Gero eta gehiago jakin, gero eta gehiago gustatzen baitzaizu.

«Bizitzaren bidea ez da inoiz erraza», hausnartu zuen, amatasuna eta goi-mailako kirola uztartzeaz galdetzerakoan. Ziurgabetasun momentua izan zen, «nire unerik onenean bainengoen, ez genekien babesik topatuko genuen...». Baina uretara jauzi egin zuen eta zortedun kontsideratzen da. Ama izatea, edozeinentzat, langile, kirolari edo dena delakoa izan, «zaila baita». «Kirolean ez ezik, emakume askok zalantza egiten dute, goi-kargudunek nola hartuko duten beldur izaten dira... Nik nire egunerokoa antolatzeko zortea izan dut eta beste emakume batzuek zailtasun gehiago izan dituztela uste dut», aitortu zuen, Seu d’Urgellen erditu osteko sesioetan ikusitakoa gogoan.

Hankak lurrean beti, piraguan sartzen denean salbu, Kopako enbaxadore aparta aukeratu du zalantzarik gabe Bera Berak.