INFO
Esme Lopez eta Tati Garmendia, beren azken partidan.
Juan Carlos RUIZ (FOKU)

Bidea ireki zutenak, Bera Berari miresmenez begira


Azken hamarkadan 17 titulu lortu ditu Bera Berak, baina lehendik zebilen hazia ereiten. Esme Lopezek bi Kopa irabazi zituen; Amaia Ugartemendiak, bat ere ez. Aitzindari dira Gipuzkoako eskubaloian. 1996ko Donostiako Kopan txapeldunorde izan ziren.

Esther Larreategik oraintxe bidali du mezu bat, asteburuan bazkaltzeko lekuren bat hartu beharko genukeela proposatuz», adierazi du irribarrez  Amaia Ugartemendiak. Ilusioz baitago bera ere asteburu honetan Donostian jokatuko den Kopako azken fasea dela-eta. Errenteriarrak kasik hamarkada bat eman zuen orduan Bidebieta izena zuen taldean lehiatzen, aurretik Madrilen eta tartean Porriñon bi denboraldi emanda. Oroitzapen politak gordetzen ditu baina, batez ere, «harremanak». Donostian bigarren aldiz jokatuko da horrelako txapelketa bat –hirugarrenez Gipuzkoan, Hernanin jokatu baitzen aurrerago– eta lehen aldi hartan talde donostiarra finalera iritsi eta txapeldunorde geratuz. «Orduan, El Osito L’Eliana taldea orain Bera Bera den bezalakoa zen; dena irabazten zuen, oso zaila zen beraien aurka zerbait ateratzea», oroitu du. Bidebietaren bigarren Kopako finala izan zen 1996ko hura eta Ugartemendiak gogoratzen du Bidebieta bete egin zela; «txikiagoa da baina beti egon da eskubaloirako zaletasuna».

Errenteriarrak ez zuen titulurik irabazi eta horregatik, hain zuzen ere, apur bat harrituta agertu da NAIZen deiarekin. Nolanahi ere, oraingo Bera Beraren hazia landatu zutenetariko bat da, taldea Ohorezko Mailan mantenduz. Esme Lopezek ez du zalantza egiten. «Amaia Ugartemendia eta bere belaunaldiko jendea asko borrokatu zen. Amaiak, gainera, asko lagundu gintuen; Bera Berara iritsi zenean jokalari oso ona zen, asko eman zigun, balio on asko helarazi zizkigun; orduan Olinpiar Jokoetan egon zen bakarra zen», esan du pasaitarrak, egun Estatu frantsesean bizi denak. Ondo gogoratzen du 1996ko Kopa baina, are hobeto, 2007an irabazitako lehen garaikurra: «Historiako lehendabizikoa izan zen eta lehena beti da berezia, markatu egiten zaitu».

Hiru urte lehenago, Lopez Atenasko Olinpiar Jokoetan aritu zen eta hori da, noski, pasaitarrak duen oroitzapenik ikaragarriena; «ez dago Olinpiar Jokoetan jokatzea baino ezer hoberik». 2004ko Jokoetara joan zen Lopez, eta 12 urte lehenagokoetara, Amaia Ugartemendia, 1992ko Bartzelonakoetara, alegia. «Egungo Espainiako selekzioaren aitzindari izan ginela esan genezake», uste du errenteriarrak, orduan hasi baitziren kontzentrazioak egiten, olinpiar-aurrean partidak jokatu eta hitzordu olinpikoa prestatzen... «Ordura arte ez zegoen apenas ezer. Prestaketa areagotzean, maila apur bat hobetu genuen. Hortik aurrera emakumeen eskubaloiari garrantzi handiagoa eman ziotela uste dut. Laguntza gehiago, kontzentrazio gehiago… Sustatzaileak izan ginen», esan du barrez baina konbentzimenduarekin.

«Jendea oraindik ere miresmenez zuzentzen zaidanean... Oraingo eskubaloiak lehengoarekin ez dauka kolorerik. Ikusten duzu orain ze bizkortasunekin jokatzen duten, ze  dinamikoa den, nolako joko polita dagoen... Gu desastre bat ginen», aitortu du barrezka. Era berean, jakitun da beste une bat zela eta trantsizio moduko batean zeudela. «Gizonetan ere berdina pasako zen, baina askozaz ere lehenago gertatuko zen hobekuntza hori».

Lopez eta Garmendia 1996ko Kopako txapeldunordeen garaikurrarekin. (BERA BERA)

​«Ikusiz ere ikasi egiten da»

Kalitatea hobetu ez ezik, ikusgarritasuna ere handiagoa da. 1996ko Kopan Bidebieta jendez bete zela onartu dute Ugartemendiak eta Lopezek, baina Illunben jokatze soila jada hitz handiagoak dira. Dagoeneko 2.500 bonu saldu dituzte –hiru egunetako partida guztiak ikusteko sarrerak– eta, beraz, festa ikaragarria izango dela ziurtatu da. «Bera Berak zale ugari ditu eta irabazten doan heinean, bada, gehiago. Irabazteak beti ematen du ikusgarritasun handiagoa», onartu du errenteriarrak. Horrez gain, orain eskubaloiaren inguruko informazio askoz gehiago ematen delakoan dago –bera hasi zenean, apenas zekien ezer eskubaloiaz–, «nazioarteko txapelketak telebistaz ematen dituzte, ligako partida oro internet bidez ikus daiteke... Eta ikusiz ere asko ikasten da. Guri hori falta izan zitzaigun», hausnartu du.

Esme Lopez ere asko pozten du egun Bera Berak duen arrakastak: «Ikaragarri gustatzen zait Bera Bera egiten ari den ibilbidea. Nire etxea izan zen, nire bizitzaren laurdena eman dut bertan. Ikusten duzunean aurrekoek jarritako hazia loratzen ari dela... Egun Bera Bera talde erreferentea da Estatu mailan eta ohorea da bertan jokatzeko aukera eduki izana».

Pasaitarraren iritziz, egungo kalitatearen hobekuntza oinarrian egindako lanaren fruitua da. «Gero eta entrenatzaile formatu gehiago daude eta, hauekin, oinarriko lana asko hobetzen da eta goi-mailara iristen diren jokalarien artean askoz ere kalitate handiagoa egotea ahalbidetzen du», azaldu du. Era berean, egungo kontratuetan eta baldintzetan eman diren pausoak nabarmendu nahi lituzke Lopezek: «Oso lorpen handia izan da. Hori lortzeko, jendearen borroka egon da, nire aurretik bidea egin zutenena, ni iritsi nintzenean beteranoak zirenena. Asko borrokatu ziren, guk jarraitu egin genuen eta pentsatzen dut oraingoek ere aldarrikatzeko kontuak izango dituztela. Beti saiatzen baita kirolarien kalitatea hobetzen».

Bizitzaren zati handia

Amaia Ugartemendiak onartu du Gipuzkoatik kanpo jokatu izan zuenean eskubaloian jokatzea izan zela bere jardun bakarra, eta Bidebietan, soldata osatzeko klubeko bulegoan egiten zuela lan. 38 urterekin erretiratu zen errenteriarra «eta gorputzak gelditzeko esaten zidalako; bestela, niregatik balitz 50 urteraino jarraituko nukeen», esan du barrez. «Erretiratzean ohartzen zara ze aspergarria den bizitza. Lan egin bai, baina gero, zer? Estimulu bat falta zaizu. Jokatu, entrenatu, entrenamenduaren ostean pote bat hartu... Bizitza erakargarria zen», azaldu du. Entrenatzaile lanetan ere aritu zen gaztetxoenekin, sei urtez, «baina niri jokatzea gustatzen zitzaidan eta niretzako denbora ere behar nuen».

Ugartemendia partida batean, 2002an. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Esme Lopez 2010ean erretiratu zen, bi Kopa irabazita. Tati Garmendiarekin batera hartu zuen erretiroa: «Biok elkarrekin hazi ginen eta kirolean elkarrekin egin genuen ia guztia». Bera Berako eskubaloi sekzioko arduraduna da donostiarra eta Lopezek begi onez ikusten du egiten ari dena. Oroitzen du aurretik ere lan ona egin zuen jendea egon zela eta proiektua sendotua zegoela. «Tatik erakutsi du proiektua jada ona zela eta eboluzionatu egin du, aurrera egiten jarraitu du, dimentsio hau lortzeraino. Kalitatezko entrenatzaile eta jokalariak ekarri ditu, kirol lorpenak erdietsi ditu, ikusgarritasuna handitu... Erreferentea da Gipuzkoako eta Estatu mailako eskubaloian», azpimarratu du. «Hau irakurtzen badu, hil egingo nau», gehitu du barre algaraka.

Honek erakusten du harremanak direla lorpenik handienak. «Goi-mailako kirola oso konplikatua da eta konplizitate handia sortzen da. Gauza onek asko irauten dute eta horren erakusle da kontaktuan jarraitzen dugula», adierazi du Lopezek. Ezin izango du Illunbera gerturatu; bai, ordea, beste jokalari historiko askok, Ugartemendiak ziurtatu duenez: «Covid-19agatik ez gara batu azken bi urteetan, baina bestela noizean noiz batzen ginen eta Kopan elkartuko gara berriro. Han izango gara!».