INFO

Vianako Printzea Saria jasotzeko lau hautagaiak jakinarazi dituzte

Pedro Salaberri margolariak, Enrique Villarreal ‘El Drogas’ abeslariak, Jose Luis Lizarraga musikari eta konpositoreak eta Josu Imanol Delgado ekonomialaria dira aurten Kulturaren Vianako Printzea saria jasotzeko lau hautagaiak.

‘El Drogas’ da Vianako Printzea Sarirako hautagaietako bat. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Pedro Salaberri margolariak, Enrique Villarreal ‘El Drogas’ abeslariak eta Barricada rock taldearen sortzaileak, Jose Luis Lizarraga musikari eta konpositoreak eta Josu Imanol Delgado ekonomialaria dira 2022an Kulturaren Vianako Printzea Saria jasotzeko aurkeztu diren lau hautagaiak.

Vianako Printzea Saria Nafarroako Gobernuak eskaintzen du, kultura alorrean bereizi diren pertsona edo taldeak omentzeko helburuarekin. Arte plastikoak, musika, literatura, zientzia, teknika edota ikerketa alorrean jarduten duten pertsona edo taldeak saritzen ditu.

Epaimahaia Nafarroako Arte eta Kulturaren Kontseiluko ordezkariek osatzen dute: Jose Javier Azanza, Javier Balda, Francisco Javier Chocarro, Susana Garcia, Ana Moreno, Javier Manzanos eta Villar Lopezek, hain zuzen ere. Maiatzean zehar lau proposamenak aztertuko dituzte eta erabakiko dute aurtengo sariduna nor den. Irabazleak 20.000 euro jasoko ditu.

Pedro Salaberri Zunzarrenek (Iruñea, 1947) ibilbide handia du pinturan. Naturaren interpretazioa du oinarri, bai paisaiaren adierazpenari baita giza izaerari dagokionez. Bere margolanak «gure eguneroko bizitza duintzeko» erabiltzen ditu, bere hautagaitzan jasotzen denez. Nafarroako Arte eta Kulturari «paisaiaren ikuspegi desberdina eta berritzailea» ekarri dizkio.

Enrique Villarreal Armendariz (Iruñea, 1959), ‘El Drogas’ gisa ezagunak, 40 urte baino gehiagoko ibilbidea du musikagintzan. Punk Sapos Band eta Kafarnaun taldeetan hasi zen eta 1982an Barricada sortu zuen ‘Boni’ Hernandez, Mikel Astrain eta Sergio Osesekin. Talde horrekin 20 disko baino gehiago argitaratu zituen eta milioi bat ale baino gehiago saldu. ‘Tres puntadas’ poema liburua idatzi zuen eta haurrei eskainitako hainbat lan ere argitaratu ditu.

Jose Luis Lizarraga Gaston (Añorbe, 1940), itsua 14 urte zituenetik, hainbat musika lanen egilea da, horien artean 200 jota, abesti, martxa, Gabon-kanta baino gehiago. 

Josu Imanol Delgado Ugarte ekonomialariaren hautagaitza (Bilbo, 1965) Comunica Valencia elkarteak proposatu du. Ekonomia eta finantzen alorrari buruz 37 liburu idatzi ditu eta alor horretan dibulgazio eta sustapen lan handia egin du.