INFO

Ukrainako gerra errusiar xumeen ikuspuntutik


Sarritan galdetu didate zer pentsatzen duten nire lagun errusiarrek Ukrainako gerrari buruz. Tarteka beraiekin hitz egiten dut. Hala ere, argi utzi behar da Moskun bizi diren nire lagunek nire lagun taldea besterik ez dutela ordezkatzen; edozein daturekin ondorio orokorrak ateratzeko joera dugu eta. Batzuk ukrainarrak dira, beste batzuk Ukrainan bizi izan dira eta ia denek dute senideren bat bertan. Guztiek Errusiako Gobernuak hartutako erabakia hasieratik babestu dute. Haietako baten semeetako bat bakarrik agertu da kontra. Ukrainan bizi diren ahaideen artean, baten batek nahi du Errusiako Armadara iristea, nahiz eta gehienak kezkatuago daude salbatzeko moduaz.

Ez da babes euforikoa, Espainiar Estatuko telebistetan ikusten den bezalakoa. Gerran daude, jendea hil egiten da eta kezkaz jarraitzen dute Ukrainan gertatzen ari den guztia. Tragedia iruditzen zaie, eta lehenbailehen amai dadin nahi dute. Hala eta guztiz ere, uste dute saihestezina zela eta lehenago edo geroago lehertu egingo zela. Hori bitxia irudi dakioke jendeari Euskal Herrian, baina informazio faltaren ondorioa da. Esate baterako, mundu guztiak daki Anna Politkovskaya kazetaria tiroz hil zela Moskun 2006. urtean, baina inork gutxik ezagutzen du Oles Buzina, kazetari eta idazlea bera ere, duela zazpi urte Kieven tirokatuta hil zutena, Maidanaren aurkako ikuspegia zuelako. Heriotza haren ondoren, kazetari askok alde egin dute Ukrainatik. Beste batzuk geratu egin ziren: Buzinaren laguna zen Yan Taksiur idazle satiriko eta fededun ortodoxoa, adibidez. Yan Taksiur, ordea, martxoaren 10etik, atxilo daukate Ukrainako zerbitzu sekretuek. Hari honetatik tiraka, poloniarrek Pablo Gonzalez atxilotu dutela dakitenean, hasieran harridurarekin hartzen dute berria, baina badakite han dena posible dela.

Bestalde, Donetsken eta Luhansken ere bonbardaketak etengabeak izan dira azken zortzi urteetan. Izan ere, gaur egungo gerrari buruzko kronologiak Errusiak otsailaren 21ean Donetsk eta Luhanskeko errepublikak onartzearekin hasi ohi dira, ahaztuz otsailaren 16an Ukrainako armada eskualdea bonbardatzen hasi zela eta horrek exodo masibo bat eragin zuela.

Errusian mendebaldeko telebistak ikusten dituzte, eta oso kezkatuta daude errusiar-fobiarekin; izan ere, batetik, sentimendu patriotikoa hazi egin da presio horren ondorioz, eta, bestetik, kezkaz ikusten dute Europan errusiarrei jipoiak ematea, Atenasen pazko ortodoxoko igandean gertatu zen bezala, arkeologo errusiar bati eraso egin baitzion ukrainar talde batek. Gainerakoan, bizitzak ohi bezala jarraitzen du: prezio batzuk igo egin dira, denda batzuk itxita daude, McDonalds bezala, baina ez da gerra garaiko mobilizazio orokorra antzematen.

Azkenik, ukrainarrak lapurrak faroletan lotzen eta jotzen erakusten dituzten eszenei buruz galdetuta, horietako batek esan dit, bere iritziz, Ukraina komunitate arkaikoa dela, indarkeria Estatuaren monopolioa ez delako. Ukraina ez bezala, Errusia inperio bat da, non Estatuak indarkeriaren monopolio osoa duen eta, horregatik, kale zigorren eszenak pentsaezinak dira han. Errusia eta Ukraina kulturalki lehengusuak diren arren, sozialki eta politikoki oso desberdinak dira. Hala ere, errusiarrek uste dute gerra amaitzen denean harremanak hobetuko direla, historian askotan gertatu den bezala. •