INFO

Plataforma taktikoak


Gure hirietan, auzoen eraikuntza azkarrak inprobisatu ziren industria berriak ekarri zituen milaka langileei bizilekua emateko. Hirigintza azeleratu batek, Euskal Herriko hirien ertzetan, oraindik baserriak zeuden tokietan, ezabatze orokorrak egin zituen bertara etorritako langileen etxebizitzak eraiki eta bat-batean auzo berriak egiteko. Auzo horiek badute amankomunean problematika bat. Ez zirela hiri edota auzo bezala pentsatu, alegia, familiak jasotzeko kontenedore gisa besterik ez ziren eraiki. Bat-bateko eraikuntzak ziren, tarteko espazio amankomunei atentzioa jarri gabe eraikitakoak.

Azken urteotan ekin zaie auzo horien erreforma lanei. ‘Erregenerazio urbanoa’ deitu ohi zaio. Geografo eta antropologo ugarik kritikatu dute erregenerazio arkitekturaren praktika. Erregenerazioak betiko biztanleen kanporatzea dakarrela eta bestelako lelo ebidenteak erabiliz agerian utzi dituzte sarri egin diren espekulazio operazioak. Horrek, baina, ezer gutxi du ikusteko arkitekturarekin. Halere, badirudi, kritikon aurrean sortutako ikarak hirigintza garai berri bat –irudi urduri bat– ekarri digula: hirigintza taktikoa.

Zer da hirigintza taktikoa? Labur esanda, administrazioak finantzaketarik ez duenean, herritarrak eta teknikoak modu prekarioan lanean jartzea. Ordainetan, kaleak eta plazak iraungitze data laburra izango duten elementu eta pintura lanez apaintzen dira, hori bai, jai giroan.

Mediokritatearen garaian denon iritzi estetikoa jasoko duen erreforma nahi dugu. Arazoa, ordea, galdera egiterakoan bertan planteatzen da: zertarako abiatu dugu erreforma?

Eta bai, Manuel Delgado eta bestelako kritikoek dioten bezala arkitektoak luzaroan hiriaren garapen neoliberalaren aliatuak izan bagara ere, lasai, asko ikasi dugu akats horietatik ere, eta badator belaunaldi berri bat. Baina, hiria soilik ‘adituek’ egitetik edonola egitera jauzi handia dago.

Okerreko bidean, taktikoak diren hiri erreformak gutxieneko baliabideekin egingo diren makillaje prozesu bilakatuko dira eta, kasurik onenean, edo agian ez, akzio artistiko batek zedarrituko du aldaketa minimoa izango duen ekintza, erraz iraungiko den espazioa.

Gune konplexuek, gatazkak baketu beharrean, horiek azaleratu behar dituzte. Hor, arkitekturak, plataforma bezala funtzionatu beharra dauka. Mediazio lana egin dezake eraikuntzak. Aldiz, taktiko bezala ezagutzen ditugun esperientzia ugarik altzari urbano erabili ezinak besterik ez ditu uzten kalean, zabor urbanoa.

Badira esperientzia taktiko eta intermitenteek uzten dituzten objektuetatik haratago dauden arkitektura erreformatzaileak, aurreko lerroetan esan bezala, apaingarririk behar ez duen plataforma urbano bat eskaintzen dutenak.

Ele bulegoko Eduardo eta Eloi Landia eta Tarte arkitekturako Alex Etxeberria berriro elkartu dira, beste hainbat lanetan bezala. Oraingoan, Sestaoko Sol plazaren ingurua aldatzeko.

Elkargune baterako oinarriak (zimenduak)

Horrela laburbiltzen dute arkitektoek haien proposamena. Oinarri edo plataforma berri bat eskaini diote Sestaoko Txabarri auzoan kokatutako Sol inguruari. Erabaki guztiak taktikoak dira, hitzaren zentzu zuzenean. Minimo berriak gehitu dizkiote auzo eremu horri. Esku-hartzeak erreferentzia zuzena egiten dio herriari izaera eman dion industria siderurgikoari, herritarren iruditerian bai eman bai kendu dien metalarekin lotura hori berpizten saiatuz. Egitura metaliko gordinen bidez, nortasun kolektiboa elkartzeko eta indartzeko gune berriak sortu nahi izan dituzte, biztanleen harreman sozial eta produktiboak sustatuko dituzten jarduerak bultzatzeko.

Koten arteko loturaren punturik esanguratsuena plazaren luzetarako ardatzaren erdian dagoen frontoian dago. Puntu horretan, frontoiko paretak +0 kotaren eta +10 kotaren arteko euste-horma gisa lan egiten du, goiko kaletik beherantz nahiz alderantziz zuzeneko bisualak sortuz. Frontoiaren estaldura eta izaera multifuntzionala izan da espazio publiko osoa egituratzeko eta ezberdinen arteko topaleku berri bat sortzeko katalizatzaile izateko estrategia diseinatzeko abiapuntua.

Hiru dira plataforma edo euskarri berria diseinatzeko momentuan ardatz izandako lerroak:

1. Pilotalekua estaltzea eta pergola sortzea. Frontoiaren eta pergolaren estalkiaren egiturak Sestaoko mugen estetika industriala sartzen du espazio publikoan, memoria kolektiboa eraikitzen laguntzeko helburuarekin. Hala ere, zertxen keinua plazan zutabeak kentzeko beharretik sortzen da, gaur egungo frontoiek herrietan duten funtzio-aniztasuna dela eta.

2. Lehendik daudenen tratamendua. Murrizketa du premisa. Aurretiko egoeraren aurrean, hau da, «adabakiak» izeneko esku-hartzeetan oinarritutako egoeraren aurrean, zoladuren eta hormen egiturak bateratzearen aldeko apustua egin da, protagonismoa landarediari eta estalki berriari uzteko.

3. Berdeguneen tratamendua. Eremu naturalek hain hirigune trinkoetan duten balioa ulertu du, eta dagoen landaredia ahalik eta gehien indartu eta errespetatzen saiatu da. Dauden berdeguneen izaera basatia mantentzea proposatu da, egoera txarrean dagoen landaredia kenduz eta espazio bakoitzaren beharretarako zuhaitz eta espezie egokiak landatuz.

Han-hemenka aldarrikatzen den espazio publikoaren berrapropiazio kolektiboak arkitektura behar du oinarrian. Oinarri on batek eskainiko baititu bestelako esperientziak, baita taktikoak ere.