INFO

Autopista Kanpora auzo-plataformak mobilizazioa egingo du maiatzaren 19an Errekalden

Imanol Pradalesek Bizkaiko Batzar Nagusietan adierazi duenez, Errekaldeko saihesbidearen proiektuak itxaron egin beharko du, aurrekonturik ez dagoelako. Adierazpen horiek direla eta, Autopista Kanpora auzo-plataformak «ezinegona» adierazi du eta mobilizazioa deitu du maiatzaren 19an.

Errekaldetik pasatzen den autobidea. (Google Maps)

Errekaldeko Autopista Kanpora auzo-plataformak mobilizaziorako deialdia egin du maiatzaren 19an saihesbidearen proiektua egitearen alde. Errekaldetik pasatzen den autobidea «munstro» bat dela esanez, administraziotik erantzunik jaso ez dutela salatu du plataformak.

Mobilizazioa Imanol Pradalesek Bizkaiko Batzar Nagusietan esandakoaren ondorioz egin da. Pradalesek Errekaldeko saihesbidearen proiektuak itxaron egin beharko duela adierazi zuen, aurrekonturik ez dagoelako. Autopista Kanpora plataformatik Errekaldeko bizilagunak bigarren mailako herritarrak bezala tratatzen direla egotzi dute «eta memoriarik gabekoak gainera».

Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiari «bete gabeko promesez betetako motxila bat» gainean eramatea leporatu diete. Saihesbidearen proiektuaren data jarioa kritikatu dute, 2016tik gaur egun arte aldatu dena, eta egindako aurrekontu eskaera askotarikoak gogoratu dituzte: «Urteetan zehar gobernu-taldeari egin zaion aurrekontu eskaera eta aldundiaren aurrekontuei aurkeztu zaizkion alegazioak, Errekaldeko sahiesbidearen proiektua idazten hasteko aurrekontu-partida bat erreserbatzeko eskatuz, ez dira inoiz onartu».

Halaber, egondako bilera kate luzea kritikatu da, «engainuz eta konpromiso faltsuz betea». ​​Zehazki, azkeneko bileran, lurralde-garapeneko sailak «ziurtatu» zien ez zela beharrezkoa aurrekontuan berariazko partida bat egotea, adierazi du plataformak.

Autopista Kanporatik gogoratu dute Errekaldek 47 urte baino gehiago daramatzala autobidea jasaten eta desagertzeko eskatzen. Erakunde euskaldunekin hartutako beste konpromiso eta lurrean utzitako proiektu batzuk aipatu dituzte: «Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra (Supersur) bezalako megaproiektua, Bolintxu bezalako ingurune naturalak malapartatuta utziko dituena, Lamiakoko urpeko tunela, edo lehenetsiz joan diren beste proiektu askoren ondorioz aurrekontu-partidarik ez dagoelako, gure aldarrikapena oraingoa ez dela kontutan izan gabe».

Manifestazioa maiatzaren 19an 19.30etan Errekaldeko plazan egingo da. Autopista Kanporak salatuko du guzti honekin berresten dela eta argi dagoela «bizkaitarrak gobernatzen dituzten erakundeek ez dituztela pertsonak proiektuen gainetik jartzen, baizik eta proiektuak pertsonen gainetik».