Deustuko Unibertsitatean jarraitu ahal izango dituzte ikasketak hainbat gazte ukrainarrek
Gerraren ondorioz etendako ikasketekin segitu ahal izateko, Deustuko Unibertsitateak dohako programa berezia jarri du martxan ehun ikasle ukrainarrentzat eta dagoeneko 42 iritsi dira. Eskolak hamabi astez luzatuko dira, beharrezko ordu akademikoekin bete ahal izateko.
Errusiak Ukrainaren aurka hasitako gerrak ondorio asko eragin ditu, besteak beste, ikasketekin segitu ezin izatea. Horri irtenbidea eman asmoz, Deustuko Unibertsitateak astelehen honetan aurreneko 42 ikasle errefuxiatuei eman die ongi etorria, kanpusak ateak ireki baitizkie nork bere formakuntzarekin jarraitu ahal izateko.
Aste honetan zehar beste 15 gazte iristea espero da, izan ere zentro akademikoak doako programa bat diseinatu du bereziki gerra honek kaltetutako ikasle ukrainarrek ikasketak jarraitu ahal izan ditzaten.
Momentuz, 42 ikasle horietatik 31 zuzenean Ukrainatik datoz, eta gainerakoak Estatu espainiarretik eta Europako beste herrialde batzuetatik.
Ongietorri ekitaldi laburrean, Deustuko Unibertsitateko errektore Jose Maria Guibert eta Unibertsitate Komunitateko eta 2030erako Agendako errektoreorde Juan Jose Etxeberria izan dira, eta ikasleei Unibertsitatea aurkeztu zaie, bai eta eskura izango dituzten laguntza psikologikoko eta laguntza espezifikoko zerbitzu guztiak ere.
Ahalik eta unibertsitario gehien hartzeko, jatorrizko ikastetxeetan baliozkotuko dituzten hainbat karrerarekin bateragarriak diren edukiak dituzten irakasgaiekin antolatu da programa. Eta, azaldu dutenez, ikasleak bi taldetan banatu dira: bata, ezagutza arlokoa, hala nola Hezkuntza eta Gizarte eta Giza Zientziak, eta, bestea, enpresaren esparrukoa eta ingeniaritzarekin lotutakoak.
Parte-hartzaile bakoitzak bost irakasgai eta bi hizkuntza aukeratu beharko ditu (gaztelania eta ingelesa), hori guztia ikasleentzat inolako kosturik gabe, Unibertsitateak kostu osoa estaltzen baitu.
Guibert errektoreak azaldu duenez, ikasleak «Deustuko bazkide» diren unibertsitateetatik datoz, nahiz eta orain arte bazkide ez ziren «zazpi edo zortzi bat» sartu diren.
Eskolak aste honetan bertan hasiko dira eta hurrengo hamabi asteetan zehar luzatuko dira, beharrezko ordu akademiko guztiak bete ahal izateko lan-intentsitatea areagotuz.
Deustuko Unibertsitateak unibertsitate komunitate osoaren laguntza eskatu du ikasle errefuxiatuak etxean hartzeko, eta erantzuna positiboa izan da, 46 pertsonak eskaini baitute ostatua.
Deustuko Ikastetxe Nagusia ere jarri da eskuragarri, behar izanez gero premiazko harrera egiteko. «Ukrainak galtzen badu, mundu libreak galtzen du», azpimarratu du Guibertek.
Anna Sulzhyk ikasle ukrainarra oso eskertuta agertu da, berarentzat ikasten jarraitzeko «aukera ona» delako.