INFO

Ekonomia sendo eta justuago bat lortzeko basoak sendatu eta zabaltzeko eskatu du FAOk

Oihanak osatu, hedatu eta zaintzea, mundu mailan hazten ari den eskaerari erantzuteko basogintza sustatzea, isuriak gutxitzea eta tokiko ekonomia sendoak lortzea. Horiek dira Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) azken gomendioak.

‘Baso urdina’, Flandriako Halle hiritik hurbil. (John THYS | AFP)

Seulen inauguratu da astelehen honetan Basoei buruzko hamabosgarren Munduko Kongresua. Bertan, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) txosten bat aurkeztu du, honako aholkuekin: oihanak sendatu, hedatu eta zaintzea, munduan hazten ari den eskaerari erantzuteko basogintzaren sektorea sustatzea, isuriak gutxitzea eta tokiko ekonomia sendoak lortzea.

‘Munduko basoen egoera 2022an’ izeneko azterlanean nabarmentzen da «ezin dela ekonomia osasuntsurik egon planeta eri batean». ‘Berreskuratze berderako eta ekonomia inklusibo, erresiliente eta jasangarriak eraikitzeko basoko bideak’ azpitituluaren baitan hiru ekintza-bide handi biltzen ditu, mende amaierarako bitarteko osasungarriago bat eta tokiko ekonomia sendoagoak izateko, bereziki klima aldaketaren eraginen aitzinean.

Basoberritzea eta zaintza

Lehenbiziko ekintza ildoa deforestazioa gelditzea eta oihanak hobeki mantentzea da. Horrekin, datozen hiru hamarkadetan 3,6 eta 2 gigatona karbono dioxido baliokide isurtzea ekidingo litzateke.

Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak inauguratu du ostiral honetara arte luzatuko den kongresua. Ohartarazi duenez, planetak 4,7 milioi hektarea oihan galtzen ditu urtero.

Nazio «aurreratuen» eta «garatze bidean» direnen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Moonek. Iragarri duenez, Hego Koreak %100 baino gehiago handitu nahi du 2030erako «garapenerako laguntza ofiziala». Hala, oihanberritzeko diru-laguntza eman nahi die herrialdeei.

FAOk planteatzen duen basoberritzeko eta oihanak zaintzeko helburua betetzeak 2030erako planetaren berotzea 1,5 gradutik jaisteko zientzialariek beharrezko ikusten duten isurien murrizketaren %14 suposatuko luke. Horrekin batera, lurreko bioaniztasunaren erdia baino gehiago babestuko luke.

Basogintzaren sektorea indartzea

FAOk ezartzen duen bigarren bidea hondatutako lurrak berreskuratu eta basogintzaren sektorea zabaltzea da. Horrek planeta osoko 1.500 milioi hektareari ekarriko lieke onura, beste 1.000 milioi hektarearen ekoizpena hobetuko luke, eta, berriz ere, negutegi efektuko gasak murriztuko lituzke, 0,9 eta 1,5 karbono dioxido baliokide bitartean hemendik 2050era.

Mundu mailan basogintza hedatzeak balio erantsia duten biomaterialak modu eraginkor eta zirkularrago batean erabiltzea ekarri beharko luke, Erromako erakundearen arabera.

Neurri horretatik abiatuta, hirugarren ekintza-ildo bat planteatu du: basogintza sendotu horrek baliabideak modu jasangarrian kudeatzea eta «balio kate berdeak» eraikitzea.

Hornidura kate horiek mundu osoan handitzen ari den materialen eskaera betetzen lagunduko luke. 2017ko 92.000 milioi tonetatik 2060an 190.000 milioi tonatara pasatzea aurreikusten da.

Jakina, sektoreko ekoizleek pizgarri handiagoak beharko dituzte balio kate berde horiek sortu eta indartzeko. Horretarako, ikerketak dioenez, aldaketa politikoak behar dira nekazaritzaren eta basogintzaren sinergiak handitzeko, baita aipatutako hiru ekintza-bide horiek sustatzeko ere, nekazaritzako elikagaien sistemetan eragiteko eta sektore pribatua inbertitzera bultzatzeko.

Hiru aldiz inbertsio handiagoa

Kapitalaren fluxu horiek berbideratu eta basoetan inbertitzera animatzeko, gaur egun hiru ekintza-ildoetako bakoitzera bideratzen den dirua halako hiru beharko litzateke gutxienez 2030erako.

FAOk uste du proposatu dituen hiru bideek elkar elikatzen dutela eta ahalik eta sinergiak topera iristen direnean sistema onurak sortzeko gai izanen dela ekonomian, ingurugiroan zein kliman. Era berean, tokiko ekonomien erresistentzia, jasangarritasuna eta egokitzeko gaitasuna handituko dituela defendatu du.

«Nekazari txiki, tokiko komunitate eta herri indigenek munduko baso eta nekazal paisaien kasik erdia kudeatzen dute (4.350 milioi hektarea) eta erabakigarriak izanen dira ekintza-bide horiek martxan jartzeko», eransten du txostenak.

Horregatik, funtsezkotzat jotzen du tokiko aktoreei boterea ematea eta laguntzea, bereziki emakume, gazte eta herri indigenei, baso bide hauetan lidergoa har dezaten».