INFO

Gipuzkoako tuneletako mantentze lanetako langileek greba mugagabea hasi dute

AP-1 eta AP-8 autobideetako tuneletako eta GI-632 autobideko Argisao eta Deskargako tuneletako STI instalazioen mantentze lanetako ABEEko langileek greba mugagabea hasi zuten atzo, maiatzak 1, lan baldintzak defendatzeko eta hobetzeko.

Gipuzkoako tuneletako mantentze lanetako langileek greba mugagabea hasi dute. (ELA Sindikatua)

Atzo, maiatzak 1, Gipuzkoako tuneletan mantentze lanak egiten dituzten langileek greba mugagabea hasi zuten, zehazki AP-1 eta AP-8 autobideetako tuneletakoak eta GI-632 autobideko Argisao eta Deskargako tuneletakoek. ELA sindikatuaren arabera, jarraipena zabala izaten ari da.

Lakuako Lan eta Enplegu sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak baino ez daude jardunean, funtsezko zerbitzu publikoa delako. Lan-taldeko 16 pertsonek gutxieneko zerbitzu horien gainean ezartzen diren baldintzak administrazio publikoak «etengabe urratzen» dituela salatu nahi dute, laneko eta bideko segurtasuna «gailendu beharko» litzatekeelakoan.

Bide batez, enpresa hitzarmena berritzea eta baldintza duinak ezartzea eskatzen dute greban dauden langileek, «zerbitzu publiko eta funtsezko hau urteko 365 egunetako 24 orduetan eskaini ahal izateko».

ELA sindikatutik zehaztu dutenez, «baldintza agirian, laneko eta bideko segurtasun arauetan edo Gipuzkoako errepideen mantentze lanetarako beste ABEEetan ELArekin adostutako enpresa hitzarmenetan ezarritakoaz bestelako ezer ez da eskatzen. Horregatik, Bidelan, Bidegi eta Gipuzkoako Foru Aldundiari egoera lazgarri honen aurrean beste aldera ez begiratzeko eta berehala esku hartzeko eskatzen diegu».