INFO

Neocon berrien garaia

Galdetu beharko diegu inbasioarekin batera sortu diren neocon berriei ea zer nahiago duten, gerra ala bakea. Diplomaziaren bidez konponbide adostua bilatzea ala armak bidaltzen jarraitzea «and fight until the last Ukrainian»


«Las/los de ‘Ni Putin ni OTAN’ Los/las de ‘Ni Macron ni Le Pen’ ¿Se dan cuenta de que ya están optando? Por Putin y por Le Pen, claro»

Javier Vizcainoren txio honek badu antza George W. Bushek 2001/9/11ko erasoen ostean egin zuen adierazpenarekin: «Nazio orok, munduko eskualde guztietan, orain erabaki bat hartu behar du. Gure alde daude, edo terroristen alde». Hau esan eta AEBek Afganistan inbaditu zuten eta, gero, Irak. Bush, Blair eta Aznarrekin bat egin ez zuenak asmatu zuen eta, orduan bezala, orain ere binarismoaren tranpatik ihes egin eta egoeraren konplexutasuna ulertzen saiatzea da gakoa.

Egungo adostasun handien eta propaganda totalaren gainetik, bagara batzuk suntsiketa masiborako armen gezurraz gogoratzen garenak, edo Nariyahren testigantzaz, bi adibide garbi gogoratzearren. Badakigu Maidana ez zela iraultza demokratikoa izan. Geroztik eskuin muturrak ukrainar administrazioa parasitatu du, Armadak talde paramilitar neonaziak integratu ditu eta, hau horrela izanda ere, NATOko kide diren hainbat estatuk azken urteotan finantzatu, armatu eta entrenatu dute. Gerra honetan ez dago demokrazia eta burujabetza babestu nahi duen ongiaren aliantza bat (ezta Ukraina desnazifikatu nahi duen inor ere). Dagoen bakarra, gerra inperialista guztietan bezala, eskrupulurik gabeko interesak dira.

Galdetu beharko diegu inbasioarekin batera sortu diren neocon berriei ea zer nahiago duten, gerra ala bakea. Hirugarren mundu gerrara eraman gaitzakeen eskaladarako arriskua elikatzea ala deseskaladaren aldeko apustua egitea. Bide diplomatikoaren bidez konponbide adostua bilatzea ala armak bidaltzen jarraitzea and fight until the last Ukrainian. Europa eta Errusiaren arteko epe luzerako bakea ala hamarkadetarako gerra hotz berria. Europaren autonomia estrategikoa ala AEBen interesen menpe jarraitzea.

Duela aste batzuk hainbat pertsona ezagunek Bakearen Aldeko Manifestua argitara eman zuten. Bestalde, gerren kontrako mugimenduak bi aldeetako desertoreak laguntzea planteatzen du. Oraingoz ekimen txikiak dira, baina belatzen hegemonia higatzeko bide posibleak erakusten dituzte.