Emakume Abertzale Batzaren mendeurrena ospatuko du larunbatean Sabino Arana Fundazioak, Bilbon
Sabino Arana Fundazioak larunbat honetan ospatuko du Emakume Abertzale Batza elkarteak egin zuen lehen bileraren mendeurrena Bilboko Euskalduna Jauregian.
Sabino Arana Fundazioak larunbat honetan, maiatzaren 7an, ospatuko du Emakume Abertzale Batzaren (EAB) lehen bileraren mendeurrena Bilboko Euskalduna Jauregian, goizeko 11.30etan. Fundazioak azaldu duenez, ekitaldiaren helburua EABko emakumeek Euskal Herriko historiari egindako ekarpena ikustaraztea eta aldarrikatzea izango da. Gainera, antolatzaileek aurreratu dute EAJko hainbat kargu bertaratuko direla omenaldira.
Sabino Arana Fundazioaren hitzetan, Emakume Abertzale Batza espainiar Estatuko «lehenengo erakunde politiko femenino nazionalista» izan zen, eta baita Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan «inoiz izan den» mugimendu femeninorik «eraginkorrena eta indartsuena».
Ekitaldiko parte-hartzaileen artean Emakume Abertzale Batzako zenbait partaideren senideak bereizten dira: Nagore Garamendi, Alicia Aretxabaletaren biloba; Begoña Agirreoar, Maria Oarren alaba; eta Tegi Urzelai, Julene Urzelairen iloba, kasu. Sabino Arana Fundazioak azaldu duenez, hauek «oroitzapen eta anekdotaz betetako» hitzaldiak eskainiko dituzte.
Hortaz gain, ekitaldian zehar EABko zenbait kideren testigantzak eta pasarteak batzen dituzten bi bideo proiektatuko dituzte eta Gema Martinez, Loli Astoreka eta Lorea Intxausti aktoreek antzezlan txiki bat eskainiko dute.
Kargu publiko jeltzaleen presentziari dagokionez, besteak beste, Mireia Zaratek, Sabino Arana Fundazioko presidenteak; Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak (EBB); Bakartxo Tejeriak, Gasteizko Parlamentuko presidenteak eta Lakuako sailburuak diren Arantxa Tapiak, Gotzone Sagarduik, Bingen Zupiriak eta Olatz Garamendik hartuko dute parte ekitaldian.