INFO

Osakidetzako arreta espezializatuan eta Osasun Mentalean greba deitu dute maiatzaren 16an

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte asteazken honetan Osakidetzako ospitaleetan eta Osasun Mentaleko sarean, negoziatzeko dagoen borondate eza salatu asmoz. Iragarri diren 2.800 lanpostuak ez direla nahikoak adierazi dute.

Sindikatuek asteazken honetan egin dute protesta, Osakidetzari negoziaketarako dei eginez. (FOKU)

Osakidetzak «inposaketaren eta propagandaren aldeko apustua» egin duela salatu dute asteazken honetan sindikatuek egin duten protesta ekintzan. Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK-k elkarretaratzeak egin dituzte ospitaleetan eta Osasun Mentaleko sarean, negoziatu gabe segitzen duten gaien bueltan haserrea adieraziz, «komunikabideek» langileek baino gehiago dakitelakoan.

Adierazi dutenez, propagandaren «adibide garbia da» Osasun Sailetik iragarri den «estabilizazio tasa». «Beste behin ere, komunikabideek gurekin negoziatu gabeko gaien berri dute. Gainera, azpimarratu behar dugu iragarritako 2.800 plazak ez direla nahikoak 24.000 aldi baterako langile dituen plantilla batentzat», %58a alegia.

Esther Saavedra ELAko ordezkariarentzat, langilegoarentzat honek ez du irtenbide bat suposatzen, milaka eta milaka direlako aldi baterako langileak.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak lau greba egunekin bat egin ondoren, eta maiatzaren 16rako (astelehena da) ospitaleen eta Osasun Mentalaren sarean egin den greba deialditik gertu, tamaldu dute Osakidetzak gaur gaurkoz ez duela «gure aldarrikapenetako bakar bat ere aintzat hartu»Plantillari bizkarra ematen dion eta Mahai Sektorialari gutxieneko edukia ukatzen dion jarrera immobilista hori erabat onartezina da».

Sindikatuen iritziz, «onartezina da» Lakuak 2021eko ekitaldian 605 milioi euro aurreztu dituela «harro» adierazi, eta Arartekoak herritarrei eskaintzen zaien osasun zerbitzuari buruz jasotako kexen kopuruak gora egin duela ikustea. Bien bitartean, Osasun sailak negoziatzeari «uko egitea» kritikatu dute.

Gauzak honela, mobilizatu diren sindikatuek negoziatzeko borondatea berretsi nahi izan dute, Osakidetzari ohartaraziz: «eskatutako norabidean pausorik ematen ez bada, mobilizazioekin jarraituko dugu, eta ez gara Mahai Sektorialera itzuliko».

Igor Estarellasek (LAB), bestalde, Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du, hala nola egungo egoerari irtenbide bat emateko gai ez direnena.

UGTtik Ana Vazquezek «langilegoarentzat lehentasunezkoak diren auzi guztiak» mahai gainean jartzera gonbidatu du osasun sistema publikoa, ez bakarrik ebentualtasunarena.