INFO

Abortuaren aurkako kristau eskuin amerikarraren garaipen iluna

Abortatzeko eskubidea urratzearen alde filtratu den Auzitegi Gorenaren zirriborroa ebazpen bihurtzen bada, kristau eskuin amerikarren garaipen baten aurrean geundeke, joan den mendeko 50eko hamarkadatik hona bere ideia rigoristak zabaldu eta inposatu ostean.

Abortatzeko eskubidearen aurka dagoen emakumea alde dauden enkarteladaren aurrean. (Nicholas KAMM | AFP)

Katolikoen artean sektore atzerakoienek protestante ebanjelikoekin bat egin zuten hasiera-hasieratik  ‘Roe v. Wade’ ebazpen historikoaren aurka, 1973tik aurrera emakumeei abortatzeko eskubidea bermatzen dien jurisprudentziaren aurka.

Ordutik hona, itun hori mundu osoan ematen ari den gerra kulturalaren fronte guztietara hedatu da: feminismoa, arrazakeria auziak, laizismoa, LGTB kolektiboaren eskubideak…

Aliantza oso ahula zen orduan mugimendu progresistarekin alderatuta, baina apurka apurka politika guztia baldintzatzera iritsi da, Udaletatik hasita Etxe Zuriraino.

Donald Trump 2016an presidentetzara iritsi zenean urrats handi bat eman zuen. Magnatea ez zen ordura arte abortuaren aurkakoa baina kristau ebanjelista rigoristen (musulmanak balira fundamentalista hitza erabiliko lukete askok deskribatzeko), bozen bila «fededunena» bilakatu zen sekula moral izpirik izan ez duen New Yorkeko enpresari ustela.

Eta bere agintean Auzitegi Gorenerako hiru epaile ultrakontserbadore izendatu zituenean profeta bat balitz bezala goraipatu zuten fundamentalistek. Ondorioak orain ikusten eta sufritzen ari dira emakumeen eskubideak.

Izan ere, Gorenaren ebazpen-zirriborroak «eskubide konstituzionalari buruz hiru belaunalditan atzera egitea suposatzen du», Columbia unibertsitatean Zuzenbideko irakasle den Katherine Frankeren ustetan.

«Orduan atsekabetuta geunden»

Russell Moore «Christianity Today» erakundeko teologoa eta ekintzaile kristau ebanjelikoa da. 70. hamarkadan abortuaren aurkako auziak ez zuela inolako oihartzunik gogoratzen da. «Roe babesten zuten askok beldur ziren bizitzaren aldeko mugimenduak (abortuaren eskubidearen aurkakoak) desagertu egingo zirelako», gaineratzen du.

Garai hartan, aipatu katolikoek eta ebanjelikoek lobby mediatikoak sortu zuten eta elizatan zabaldu zituzten beraien mezuak.

Diru-iturri handiak zituzten eta abortuaren aurkako hautagaiak babestu eta bultzatu zituzten, gero eta eragin handiagoa lortuz.

Ronald Reagan 1981ean presidente izendatu aurretik abortuaren aurkako jarrera politika atzerakoien ardatz bilakatu zen eta politikan karrera egin nahi zuen errepublikano orok bere egin behar zuen ezinbestean.

Moorek ziurtatzen duenez, osasun teknologian aurrerapenek mugimenduari bultzada eman zioten, batez ere goiztiarren zaintzaren arloan, uterotik kanpo umeki baten bideragarritasuna handitu zelako.

Bide batez, ekografien ugalketarekin, «gero eta zailagoa da jaiotzear den ehun edo zelula multzo bat bezala aurkeztea», gaineratzen du.

Bide batez, mugimenduak indar politiko bat sortu zuen Washingtonen, AEBetako bihotzean, Auzitegi Gorenean bere aldeko epaileak jartzeko helburuarekin.  «Hasieratik argi geneukan auzia auzitegian erabakiko zela», gogoratzen du Moorek.

Opus Dei eta Leonard Leo

Kanpainaren burmuinean Leonard Leo dago, garai hartan Gorenean atzerakoiena den Clarence Thomas epailearen laguntzailea eta Opus Dei erakunde katolikoan zer esan asko duena. Isilean, gero eta eragin handiagoa lortzen du Opus Deik Washingtonen.

90. hamarkadaren bukaerarako, Leonard Leok sare oso bat hedatu du Ameriketako sistema judizialean epe luzera begira eragina bermatuz.  Bere «Federalist Society» erakundeak dozenaka milioi dolar jasotzen ditu.

‘The Washington Post’ egunkariaren ikerketen arabera, Leonard Leok eragin handia izan zuen George W. Bush-en presidentzian 2000. urteen hasieran, batez ere Gorenerako bi hautagaien zerrenda inposatzeko: Samuel Alito, ebazpenaren zirriborroaren egile eta defendatzailea hain zuzen, eta egungo presidentea, John Roberts, berau kasu honetan, eta beste batzuetan, epaile progresisten alde jarri bada ere.

Leok Etxe Zurian zituen kontaktuen artean Brett Kavanaugh zegoen, egun Samuel Alitoren jarrera babesten duen Goreneko lau epaileetariko bat.

Gorenerako hautagaien zerrenda

Inkesten arabera, estatubatuarren gehiengoa abortatzeko eskubidearen alde dago, baina aurkako mugimenduak auzia 2016ko presidentzialetarako kanpainaren bihotzera eramatea lortu zuen. Trump abortua gaitsezten hasi zen.

Are gehiago, erlijioa bost axola zitzaion magnateak Mike Pence aukeratu zuen presidente-orderako. Pence ebanjelikoa da eta Indianako gobernadorea zenean abortatzeko eskubidearen aurkako neurri zorrotzak inposatu zituen.

Bide batez, Leonard Leok eman zion Auzitegi Goreneko epaile izateko hautagaien zerrenda iragarri zuen.

Horrela, bada, ebanjelikoen artean bozen %80a eskuratu zuen, bere bizitza pribatuan hainbat eskandalu zituen Trumpen garaipenerako erabakigarria izan zena.
‘Roe v. Wade’ ebazpenaren amaiera izugarrizko garaipena da kristau ebanjelikoen mugimendu rigoristak duela mende erdi ekin zion borroka luzean.

Baina Russell Moorek dioenez, «gure artean gehienok bat gatoz es dela gudaren amaiera, fase berri bat baizik».

Hurrengo urratsa, AEBetako 50 estatuetako parlamentuetan abortua debekatzea.