INFO

Fant zinemaldiak film laburren balioa aldarrikatuko du euskal ekoizpeneko 13 lanekin

Ostiral honetan hasiko da Fant Zinemaldi Fantastikoaren 28. edizioa Bilbon, maiatzaren 14ra arte. Fant Laburrean atalean euskal ekoizpeneko 13 film labur lehiatuko dira, laburrek «balioa ere badaukatela» aldarrikatzeko.

‘Hikikomori’ laburmetraiaren fotograma bat. (Fant Zinemaldi Fantastikoa)

Fant Laburrean atalaren barruan lehiatzen diren 13 filmak bihar ikusi ahal izango dira, Fant Zinemaldi Fantastikoaren 28. edizioaren irekiera ekitaldian. Honen bitartez film laburren aldeko apustua egitea eta bertako zinemagileak babestea da helburua.

Aurten hautatutako film laburrak honakoak dira: ‘Au pair’, David Perez Sañudorena; ‘Calma’, Jon Lopez Martinek zuzendutakoa; ‘El Carne’, Xabi Vitoriarena; ‘Carnivoro’, Lander Castrok zuzenduta; ‘El Cometa’, Aitor Elorriagarena; ‘Los días que (nunca) fueron’, Kevin Iglesias Rodriguez eta Pedro Riverorena; ‘Haraindiko’, Alaia Sedano Tobarrek zuzendutako lehenengo lana; ‘Hikikomori’, Borja Crespok zuzendutakoa; ‘Pasaia’, Xanti Rodriguezena; ‘Pleasewait’, Iñaki Reynarena; ‘Rewind’, Amaia San Sebastianena; ‘Spiricom’, Jon Herrerorena, eta ‘Txoriak txori’, Nytia Lopezek zuzenduta.

Hauek guztiak hiru sari desberdin irabazteko hautagaiak dira, Film Labur Onenaren Saria, 3.000 eurokoa; Euskal Film Labur Onenaren Saria, 2.000 eurokoa, eta Publikoaren Saria, beste 3.000 eurokoa. Halaber, Euskal Aktoreen Batasunak film labur hauetako interpretazio onenari Ohorezko Saria eskainiko dio.

Fantasiazkoak diren arren, gai anitzak lantzen dituzte laburmetraia hauek. Alaia Sedanok zuzendutako ‘Haraindiko’ lanak, esate baterako, Euskal Herriko mitologia dauka erdigune eta Nytia Lopezen ‘Txoriak txori’ JoxAnton Artzeren poemaren «atzealde ilun» bat da, zuzendariaren hitzetan.

Justo Ezenarrok, Fant zinemaldiaren zuzendariak film laburren alde egindako lana azpimarratu du: «Askok uste dute film laburrek ez daukatela mezu bat helarazteko behar besteko ahalmenik, baina gai konplexu bat lantzeko aukera ematen dute». Finkatuta dauden egileak ez ezik, zinemagintzan hasi berri diren egile gazteak kontuan hartzearen garrantzia nabarmendu du zuzendariak, bide batez.

Finkatutakoen artean Pedro Rivero dago, ‘Los días que (nunca) fueron’ laburmetraiaren zuzendarietako bat. Prentsaurrekoan adierazi duenez, «konfinamenduari buruzko istorio bat da, baina modu berezian kontatutakoa, ez duelako birus bat ardatz». «Batez ere beldurra da gai nagusia, askotarikoa da eta», gehitu du.

Zinemaldiaren irekiera ekitaldia ostiral honetan izango da, Campos Eliseos Antzokian. 19.30ean hasiko da eta 13 film laburrak 22.30etatik aurrera ikusi ahal izango dira. Jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpitituloekin eta online eskuragarri egongo dira Filmin plataforma digitalaren ‘Fant’ atalean.