INFO

Engaiamenduaren balorea aldarrikatuko du EHLGk Berhokoirigoinen aldeko omenaldian

Bi urteko geldialdiari amaiera emanez bere besta ospatuko du larunbat honetan Ainhize-Monjolosen Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG). Denbora berean egitura horren sortzaile izan zen Mixel Berhokoirigoin omenduko dute bere heriotzaren lehen urteurrena betetzen delarik.

2016ko abenduan Luhusoko armagabetze ekimenean parte hartu izanagatik atzeman zuten Berhokoirigoini harrera beroa egin zioten Ainhize-Monjolosen ELB eta EHLGko kideek behin aske utzi zutenean. (Bob EDME)

2021ko maiatzaren 7an zendu zen gaixotasun larri baten ondorioz Mixel Berhokoirigoin.

Egunez egun bere heriotzaren lehen urteurrena kari, larunbat honetan Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sustatzaile eta, azken urteetan, bakegileen eragile nagusietarikoa izan zen militante nekaezinari omenaldia eginen diote.

Ainhize-Monjolosen iraganen den ekitaldiaren berri eman du gaur goizean Euskal Irratietan EHLGko lehendakarikide den Beñat Molimosek.

«Mixelek zituen baloreak nahi ditugu agerrarazi, ez soilik omenaldi arrunt bat egiteko baizik eta bere ibilbide zinez aberatsa eta anitza erdigunean jartzeko xede» azaldu du.

EHLGko ordezkariak oroitarazi duenez, laborantza eremuan soilik ez, bakegintzaren alorrean ere ekarpen handia egin zuela gaztetan antzerkigintzan aritu zen Berhokoirigoinek. 

«Engaiamendu horiek guztiek jendearen errespetuan eta balore azkar batzuk ekarriz aitzineratu zituen Mixelek eta uste dugu gaur egun bere mezuak eta bere baloreak baliagarriak direla», gaineratu du Molimosek.

Gauzak horrela, gaztea zelarik eta hil arte garatu zituen egitasmoak izanen dituzte aipagai.

Laborari gazteak biltzen zituen kristau elkartetik hasita, antzerkigintzatik jarraituz eta, bistan da, ELB sindikatua eta Confederation Paysanneko sortzaile bezala eginiko lan eskerga nabarmenduko dute, ETAren armagabetzeari begira Berhokoirigoinek hartu zuen jarrera konprometitua ahantzi gabe.

«Bere ibilbidea osotasunean nahi dugu irudikatu, eta engaiamenduaren balorea nahi dugu aldarrikatu omenaldi horren bidez», gaineratu du EHLGko ordezkariak.

«Indar kolektiboan sinesten zuen»

Beñat Molimosek oroitarazi duenez «Mixelek indar kolektiboan sinesten zuen, eta borroka guztietan jendearekin batera jokatu zuen».

Bortizkeriarik gabeko hamaika dinamikatan inbestitu zela gogora ekarri du. «Gizartearen eta horien ordezkariekin batera behar zirela, irekidura batekin, helburuak finkatu uste zuen, eta gauzak kausitzeko defendatu zuen bide hori gurea eginen dugu», gehitu du EHLGko kolehendakariak.

Goizeko 10.00etan abiatuko da ekitaldia EHLGren egoitzan. Kanpoaldean pantaila handia ezarriko dute jende anitz espero dutelako.

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiari amaiera emanez, lehenik eta behin elkarteak martxan dituen egitasmoak eta finkatzen dituen erronkak aipatuko dituzte.

Horren ondotik Mixel Berhokoirigoinen aldeko omenaldia hasiko da. Lekukotasunen bidez bere ibilbidearen lauzpabost pasarte nagusi aipatuko dituzte: gazte denbora eta antzerkia, sindikalgintzaren hasiera, ELB sindikatua eta EHLGren sorrera, eta finean, bakegile gisara Berhokoirigoinek eginiko lan eskerga nabarmenduko dituzte. Irudien eta bertsoen laguntzaz jorratuko dute «zinez oparoa izan zen Mixelen bizitza».

Oren bat eta erdi iraunen du bertsolarien eta irudien laguntzaz osatuko duten ekitaldiak. Horren ondotik, 12.30ean, lehenik aperitifa eta ondotik bazkari herrikoia izanen dira.

18.00etan hasiko dira kontzertuak, Bokale Brass Band, Kurtney Barnetx, Pelax, Fusible eta Willis Drummond taldeekin.