INFO

Euskal hiztunen eskubideen defentsak Iruñeko kaleak hartu ditu

Larunbat arratsalde honetan Iruñean egindako manifestazioaren bitartez, Nafar Gobernuak proposatutako Merezimenduen Dekretuaren harira, «herritarrak ez gutxiesteko» eta euskal hiztunen eskubideak defendatzeko aldarrikatu du Euskalgintzaren Kontseiluak.

Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazioa Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

2.000 lagun inguruk bat egin dute larunbat arratsalde honetan Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean deitutako mobilizazioarekin. ‘Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat’ lelopean, nafar Gobernuak aurreikusia duen Merezimenduen Dekretuaren aurka eta «geure eskubideak kontuan hartuko dituen politika indarren» alde atera dira kalera.

Arratsaldeko 17.30ean hasi da Antoniutti parketik Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa, erakundea osatzen duten bazkideen pankarta aurrean. Jarraian, Nafarroako eskualdeetako kartelak zeramatzaten herritarrak izan dira, bai eta euskalgintzako, sindikatuetako eta eragile sozialetako ordezkariak ere.

Manifestazioaren amaierako ekitaldian Baztango, Iruñerriko eta Erriberako hiru herritarrek hartu dute hitza Dekretuak haien egunerokoan nola eragingo duen kontatzeko. Horrela, Baztango herritarrak aipatu du, berari «hizkuntza-eskubideak aitortzen bazaizkio ere, ez zaizkiola osoki bermatzen», esaterako osasun-arreta jasotzerakoan, eta Iruñeko zerbitzu zentraletara jo behar duenean «kilometroak egin ahala eskubideak galtzen ditugu».

Bestalde, Iruñerriko herritarrak gogorarazi du Gobernuak aurkeztutako dekretu-zirriborroak eta Iruñerriari dagokionez, «UPNrekin baino atzerago» egingo duela. Izan ere, orain arte «lanpostu guztietan hartzen zen kontuan euskararen ezagutza. Dekretua onartuz gero, aldiz, lanpostu batzuetan ez da kontuan hartuko. Hori bai, lanpostu guztietan kontuan hartuko da alemanaren, ingelesaren eta frantsesaren ezagutza».

Hirugarrenik, Erriberako herritarrak hartu du hitza. Euskalduna izan ez arren, Gobernua prestatzen ari den dekretu «bidegabearekin» ez duela bat egiten esan du. Horrela, aipatu du ulertezina egiten zaiola «berari eskubide batzuk aitortzea, eta beste herrikide batzuei, ordea, ez». Halere, egoera makurra izanik, Erriberako herritarrak agerian utzi nahi izan du euskararen alde gizarte eragileek egindako ekarpen «ikaragarriak».

«Justizia soziala, berdintasuna eta kohesioa daude jokoan»

Jarraian Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du hitza. Lehenik eta behin eskerrak eman dizkie bertaratutako herritarrei eta eragile sindikalei. Halere, azpimarra jarri du hainbat eremutako eragile sozialek aurkeztutako ‘Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat’ adierazpenean: «Gizarte eragileek esan bezala, hemen justizia soziala dago jokoan, bai eta berdintasuna eta kohesioa ere. Gobernuaren dekretu-proposamenak horren guztiaren kontra egiten du».

Milaka nafarrek diskriminazioarekin bukatzeko eskatu diote Gobernuari. (Iñigo URIZ | FOKU)

Dekretuak ekarriko dituen atzerapausoak azalduta, PAI legearen inguruko aipua ere egin du Kontseiluko ordezkariak hitzartzean: «Kezkaz ikusten ari gara, nola jartzen ari zaizkion euskarazko hezkuntzari oztopoak, ahalbidetzen den milaka ikasleri lingua navarrorumaren inguruan ezertxo ere ez transmititzea, baina zer-nolako fijazioa dagoen ingelesezko eta euskarazko ereduak kontrajartzeko».

Halaber, berriz ere ekarri du gogora PAI delakoa euskarazko irakaskuntzaren garapenari «galga jartzeko» sortu zela. Horren aurrean, euskal hiztunen diskriminazioa gainditzeko, Nafarroa osoan D ereduko ikasgelak irekitzea eskatu du Kontseiluko eledunak.

Deia alderdi politikoei

Ondoren, Bilbaok dei egin die alderdi politikoei eta dekretua eta PAI legea garatzen ari diren alderdiei galdera zehatza luzatu die: «Benetan uste al duzue kohesioa, justizia soziala eta berdintasuna helburu duen politika egin daitekeela milaka nafar alboratuz eta diskriminatuz? Nola ulertu garai bateko gobernuaren politiketatik bereizi nahi izatea, hizkuntza-eskubideen eremuan haien babesa bilatu eta berdin jokatuz gero?».

Honenbestez, gizarte eragileek esandakoari erreparatzeko eskatu die, hain zuzen ere, «hizkuntza-eskubideena auzi soziala ere badela, justizia soziala ere badela».