Apartekoa arrunt bihurtu du Jokin Altunak
Jokatutako azken hamabost txapelketetatik hamahirutan sartu da amezketarrak finalerdietan, baita buruz buruko azken seietan ere.
Errepikatzearen poderioz, berez guztiz ezohikoa dena arrunt bihurtu du Jokin Altunak. Edozein txapelketaren azken fasea heldu eta amezketarra tartean ikustea logikotzat jotzen dugu eta, egungo txapel guztien jabearen azken zenbakiak ikusita, normala ere bada, jokatu dituen azken hamabost txapelketetatik hamahirutan lortu baitu final laurdenetako langa gainditzea. Hau da, 2017ko Buruz Burukoan Rezustak kanporatu zuenetik (22-14 gailendu zen bergararra), birritan baino ez da lau onenetatik kanpo geratu, 2019ko Buruz Burukoan –Iker Irribarriak 22-18 irabazi zion final laurdenetan Donostian– eta 2020ko Binakakoan –Ladis Galarza lagun, Laso eta Albisuk kanporatu zituzten urte horretan estreinatu zen play-offean, lehen ligaxkan laugarren amaitu ostean–.
Zenbakiok buruz buru jokatzen diren txapelketetara mugatuko bagenituzke, hau da, kantxa osora eta lau eta erdira, amezketarrak azken seietan lortu du hurrengo urtean zerrendaburu izatea bermatzen duten postuetan sartzea. Horrek erregulartasunean ere bikaintasunera bidean jartzen du Altuna.
Zortzi Aimarrek eta Irujok
Garai bakoitzak bere baldintza zehatzak dituen arren, ohikoa da halakoetan alderaketak egitea eta alor horretan Jokin Altuna azken bi erreferentzia nagusiei, Aimarri eta Irujori, begietara begiratzeko moduan da, nahiz eta oraindik koskatxo bat falta. Izan ere, bi nafarrek buruz buruko zortzi finalerdiko bolada bana izan zuten, goizuetarrak 2004tik 2007rako finalerdi guztiak jokatuta eta Iberokoak 2012tik 2015era artekoak.
Azken kasu horretan, gainera, 2016ko binakako finalean izandako hatzeko lesioak eta gero topatu zioten bihotzeko gaitzak eten zuten Iberokoaren bolada, Irujo onenean zela. Hortxe eten zen, era berean, Irujoren bolada onena ere, jokatutako azken hamaika txapelketetatik hamarretan gainditu baitzituen final laurdenak. Olaizola izan zen horretan onena, Goizuetakoak hamar txapelketetan jarraian lortu baitzuen lau onenen artean egotea, 2011tik 2013rako bitarteko guztietan hain zuzen ere.
Hiru txapel handiak dituztenen klubean sartzea ere Irujok soilik lortu du Altuna baino gazteago izanda. Esandakoa, sailez apartekoa arrunt bihurtzen ari da amezketarra 26 urterekin.
Unai Lasoren zain
Bizkarreta-Gerendiainekoak astearte honetan egingo du proba bizepsean duen lesioak larunbateko partida jokatzen uzten dion jakiteko. Ondoren, Bilbon eguerdian izatekoa den material aukeraketan emango du erabakiaren berri. Artola ere erabakiaren zain da.