INFO

Bost pertsona hil dira azken astean Gipuzkoako zaharren egoitzetan koronabirusarekin

Gipuzkoako zaharren egoitzetako bost egoiliar hil dira azken astean koronabirusak kutsatuta, Foru Aldundiak berri eman duenez. Beste 104k gaixotasuna gainditu dute.

Gipuzkoa eta Arabako egoitzetako datuak eman dituzte gaur. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako zaharren erresidentzietako bos egoiliar hil dira azken astean koronabirusarekin. Pandemia hasi zenetik 399 dira zentro horietan hil direnak.

Hala jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak gaur goizean eskaini duen prentsaurrekoan. Azaldu duenez, une honetan 166 pertsona daude covid-19arekin, joan zen astean baino 23 gehiago, herrialde osoko 19 erresidentziatan.

Kutsatuta dauden egoiliarren artean 31 Foru Aldundiak baliatu dituen erreferentziazko zentroetan ingresatuta daude.

Azken asteko balantzeari dagokionez, Mendozak zehaztu du bost pertsona hil direla, 104k gaixotasuna gainditu dutela eta beste 122 positibo berri atzeman dituztela.

Guztira, joan zen azaroaren 29tik, pandemiaren seigarren olatua hasi zenetik, Gipuzkoako egoitzetako 59 egoiliar hil dira eta beste 2.688k gaixotasuna gainditu dute.

Erresidentzietako langileei dagokienez, gaur egun 61 positibo aktibo daude, joan zen astean baino 14 gehiago, 28 egoitzatan banatuta.

Araba, egoera egonkorra

Arabako egoitzetako datuak ere eman dituzte astearte honetan eta egoera egonkortu egin dela ondoriozta daiteke. 74 egoiliar daude kutsatuta, aurreko astean baino bat gutxiago, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak adierazi duenez. Kasu guztiak arinak edo asintomatikoak dira eta ez da hildakorik izan.

Hamabi zentrotan banatzen diren 74 positibo horien artean ez dago inor ospitalean ingresatuta. Arkaiako egoitzan (18) eta Langraitz Okako El Manantial egoitzan (12) zenbatu dituzte positibo gehienak.

Azken astean 52 egoiliar sendatu dira eta horretaz gain 44 langile daude bajan gaixorik dauden pertsonekin kontaktu zuzena izan dutelako edo positibo eman dutelako, duela astebete baino zortzi gehiago.