Euskaltzale guztiei zuzendutako Ibilaldia antolatu du Abusu Ikastolak
Abusu ikastolak euskaltzale guztientzako Ibilaldi jasangarri, parekide eta anitza antolatu du maiatzaren 29rako. Ibaieder parkean, Ollarganen eta Montefuerten izango dira egun osorako prestatu dituzten jarduerak.
Urtean zehar hainbat ekitaldi egin ondoren, Bilboko Abusu Ikastolak maiatzaren 29rako antolatu du pandemiaren osteko lehenengo Ibilaldia. Gaur egindako aurkezpenean adierazi dutenez, jai jasangarri, parekidea eta euskaltzale guztiei zuzendutakoa izango da.
‘Erroharrihar!’ lelopean, lau gunez osatutako ibilbide irisgarria moldatu dute. Lehenengo gunea ikastola bera da. Bigarrena, Erro izenekoa, Ibaieder parkean egongo da. Hirugarrena, Harri, Ollarganen eta azkenekoa, Har, Montefuerten.
Besteak beste, jai «jasangarria» izatea izan da antolatzaileen helburuetako bat. Zunbeltz Fullaondo Abusu ikastolako zuzendari pedagogikoak aurkezpenean azaldu duenez, «auzoa, hiria eta Montefuerteko naturgunea zaintzea garrantzitzua deritzogu eta uraren erabilera eta kontsumoa kontrolatuko dugu horretarako».
Hori dela eta, Zaloa Aldatz ikastolako gerenteak jaialdira joateko garraio publikoa erabiltzera animatu ditu bertaratzeko asmoa dutenak. Horrela, tranbiaren geltokia ikastolaren ondoan dagoela, Boluetako metro geltokia, Bilbobusek iragarritako zerbitzu berezia eta trenaren gertutasuna gogorarazi ditu. Bide batez, Zamakola kalea trafikoarentzat itxita egongo dela iragarri dute.
Jai «parekidea» izan dadin, eraso sexisten aurkako protokoloa prestatu dute. Gainera, eragile moreak izeneko figura sortu dute, erasoak prebenitzeko zaintza lanak egingo dituzten boluntarioak, peto more bat eramango dutenak.
Egitaraua
Goizeko 10.00etan hasiko da Ibilaldia eta arratsaldeko seiak arte iraungo duen egitaraua antolatu dute. Ikuskizun, tailer, kiroleko jarduerak, jokoak, musika ikuskizunak eta jarduerak, dantza eta ipuinak dira nagusi.
«Auzoko eta Bilboko hainbat elkarterekin elkarlanean sortutako egitaraua da aurtengoa, hain zuzen auzoaren parte-hartzea nabarmendu nahi dugulako», azpimarratu du zuzendari pedagogikoak.
Nerabeentzako aisialdi osasuntsua proposatzen duen ‘Erronka’ izeneko proba izango da aurten. DBH hirugarren eta laugarren mailako ikasleen arteko proba sorta da, hainbat herritako ikasleen arteko parte-hartze aktiboa bultzatzeko asmoz.
Egitarau honen bidez lortu nahi den helburu nagusia, Fullaondoren hitzetan, «jende ezberdina batzea» da «guztiek festa beren senti dezaten». Euskara «guztion ondare kulturala» dela aldarrikatu nahi dute eta.