INFO

Hamargarren urtebetetzea ospatu du ‘Hazi Hezi’ aldizkariak, berrituta eta zabaltzeko asmoarekin

Hik Hasiren haziera eta heziketari buruzko aldizkariak, ‘Hazi Hezi’-k, hamar urte bete ditu. Joxe Mari Auzmendiren bultzadaz jaio zen, familiei helduleku bat emateko, eta funtzio hori betetzen segitu nahi du, «tribu modernoa» izaten, haurtzaroaren errespetua eta zaintzaren ikuspegi feminista batuz.

Donostiako Aquariumen ospatu dute ‘Hazi Hezi’ aldizkariaren hamargarren urteurrena. (Gorka RUBIO | FOKU)

Duela 10 urte ez zen egiteko erraza gurasotasuna, zaintza oro har. «Bakarrik zeudela negar egiten ziguten amek, literalki, lehen elkarrizketa haietan. Errua, exijentziak, zama. Pandemiak ez du arindu zaintza. Kontrara, zailago egin du tribu batena beharko lukeen egitekoa. Tribu modernoa izan nahi du Hazi Hezik», adierazi du Ainara Gorostitzu Muxika aldizkariko kideak.

«Babesa eskaini nahi dugu, epairik ez, dogmarik ez, zamarik ez, errurik ez. Heldulekua baizik. Bidelaguntza. Hori izan da hamar urteotako ibilbide orria. Haurtzaroaren errespetutik, eta zaintzaren ikuspegi feministatik idatzi ditugu alerik ale lerroak», erantsi du.

Donostiako Aquariumen erran ditu hitz horiek, ‘Hazi Hezi’-ren hamargarren urtebetetzea ospatu eta aldizkari eraberritua aurkezteko asteazken honetan egin duten topaketan. Ez da erraza komunikazioan euskaraz lan egitea, zaintzaz eta heziketaz jardutea, eta indarberrituta eta zabaltzeko erronkarekin iritsi dira hamargarren urtebetetzera.

Jai bat Adunan

«Ospatzeko asko» daukatenez, heldu den maiatzaren 29rako jai ireki bat antolatu dute Adunan. Alaia Martin kolaboratzailearen bertsoak, Nerea Mendizabal psikopedagogoaren hitzaldia, eskulanak eta Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izanen dira, bertzeren artean.

Baina Aquariumeko aurkezpen sozialarekin ari ginen. Hasteko, Hazi Hezin parte hartu izan duten bi umek, June eta Iharek, jada gazteak, kantu bat abestu dute gitarrarekin. Ainhoa Azpiroz Hazi Heziko kideak agurtu ditu gonbidatuak: hedabideetako lagunak, euskalgintzakoak, harpideak, familiak, kolaboratzaileak... Eta Estitxu Fernandez psikologo eta idazleak, egitasmoaren bidelagunak, hartu du hitza jarraian. Berarekin egin dute, hain zuzen ere, aldizkari berrituaren elkarrizketa nagusia, Erika Lagomarekin batera argitaratu berri duen ‘M ama eme ume’ liburuari buruz.

Ainara Gorostitzuk aldizkariaren ibilbidea errepasatu du, eta sorreratik harpide den Pituxaren bakarrizketa eta luntxa izan dira gero gozagarri.

Paperaren krisian jaioak, Joxe Mari Auzmendiri esker

Duela hamar urte, paperaren krisia esaten zitzaion txakalaldi hartan jaio zirela oroitu du Gorostitzuk. Joxe Mari Auzmendi goratu du, «Hik Hasiren sortzaile eta arima izan zena, Hazi Heziren bultzatzaile nagusia izan baitzen Hik Hasiren barruan».

Kontatu duenez, irakasle, psikologo, pedagogo eta familiek erraten zieten beharrezkoa zela euskaraz ere hazieraz eta heziketaz ariko zen tresna fidagarri eta kontrastatu bat, profesional onen galbahetik pasatako informazioa, galduta zebiltzalako. «San Googleri galdezka zebiltzala esaten ziguten, haurraren loaz, sexualitateaz, mugez, edo emozioez. Infoxikazioaren erdian helduleku bat behar zela. Eta Joxe Marik bildu zuen adorea Hazi Hezi sortzeko».

«Joan zaigu Joxe Mari. Hazi dira Ihare, June, Araitz, Ibai, Aratz, Oier, Anari eta jaio dira Hegoa, Xua, Maddi, Añes, Anje eta jaioko dira berriak. Eta horiek hazten eta hezten ari dira Mikel, Maider, Ane, Amaia, Iker, Iraia. Eta ondoan izango dute horiek denek Hazi Hezi, bidelagun», azaldu du.

Formatu eramangarriagoa

Beharrezko izan dute berritzea. «Denborak bizkortu egin dira, korrika bizi gara, presaka. Eta horregatik ere aldatu dugu Hazi Hezi. Eraman errazago, arinago, ikusgarriago egin nahi izan dugu. Badakigu gure publikoak, hezitzaileek, gurasoek eta zer esanik guraso berriek ze denbora dituzten, bada, denbora tarte urri horietarako egokitu dugu Hazi Hezi». Pozarren daude aldaketarekin, eta irakurleei ere gustatzea espero dute.

Orain, harpidedunen laguntzarekin, tresna hau ahalik eta gehien zabaltzea dute erronka. Konfiantza daukate beren produktuan. Unibertsitateekin, aditu talde zabalaren abaroan egiten dute lan.

Horietako batzuk aipatu ditu erredaktoreak: Marije Sarrionandia eta Gontzal Martinez de la Hidalga pediatrak, Joxe Ramon Mauduit psikologoa, Nerea Mendizabal eta Alex Barandiaran  psikopedagogoak, Aitziber Estonba sexu hezitzailea, Libe Garmendia nutrizionista, Iñaki Eizmendi euskara aholkularia, HUHEZIko ikerlari Amaia Arroyo, Alvaro Beñaran psikomotrizista eta Ane Ablanedo irakaslea.