INFO

Ganekogorta, Larreineta, Gorbeia eta Uzturre argiztatu dituzte erabakitzeko eskubidearen alde

Farol bereziak erabiliz Ganekogorta, Larreineta, Gorbeia eta Uzturreko tontorrak argiztatu dituzte ehunka lagunek, «Pirinioetako Bidea» uztailaren 2ko mobilizaziorako motorrak berotuz.

Ganekogorta, Larreineta, Gorbeia eta Uzturreko tontorrak argiztatu dituzte ehunka lagunek. (@ekaitZilarmendi)

Gure Eskuren deialdia jarraituz, ehunka herritarrek Ganekogorta, Larreineta, Gorbeia eta Uzturreko gailurrak argiztatu dituzte larunbat gau honetan. Gaurkoan 42 urte betetzen dira lehen euskal espedizioa Everestera heldu zenetik, eta efemeridea baliatuz erabakitzeko eskubidearen aldeko herri ekimenak lau gailur argiztatzera deitu du, uztailaren 2rako deitutako Pirinioetako mobilizaziorako motorrak berotuz.

1980. urtean euskal espedizio hark erdietsitakoa ekarri du gogora Amalur Alvarez sare herritarraren bozeramaileak. «Lorpen hura ez litzateke posible izango, ziurrenik, 1974an Tximist espedizioan saiakera bera egin izan ez balute; gailurra egiteko, ezinbestekoa baita bidea urratzea», esan du Alvarezek Uzturretik.

Gogoratu duenez, hurrengo uztailaren 2an katalanen eta euskaldunen artean 300 gailur argiztatuko dituzte Pirinio osoan zehar. «Bide berri bat urratuko dugu, eta bide horretatik espedizio berriak egin ahal izango ditugu, katalan eta euskaldunok elkarrekin noraino iristeko gai garen deskubrituko dugu», azaldu du mobilizazioaren inguruan. Erantsi duenez, herri bezala katalanek eta euskaldunek aurrean duten erronka zortzimilakoa da, «eta herri gisa hara iristeko, bidea urratzea dagokigu».

115 gailur Jaizkibeletik Benasqueraino

Uda aldeko mobilizazio handira begira, gogoratu du Gure Eskuk euskal herritarrei 115 gailur egokitu zaizkiela, Jaizkibeletik Benasqueraino. Zehaztu duenez, «herri eta eskualdeek hartu dute gailur ‘berde’ izendatutako horien ardura»; gailur berde guztiak Euskal Herrian daude eta jende gehienarentzat irisgarriak dira». Gailur horietan bilduko da jende gehien, «baina aforo muga izango dute masifikazioa saihestu eta ingurumena zaintze aldera».

Azaldu dute, bestalde, herri bakoitzak gailur berde bat daukala izendatuta, beraz www.gureesku.eus webgunearen bidez izena ematean, parte hartzaileek nongoak diren adierazi beharko dute.

Gailur gorrien kasuan, Erdialdeko Pirinioan daude, eta mendizale trebatuentzat dira. Era berean, edukiera txikiagoa izango da ahuetan. Izen emate mugatua dute, infografia batean gailurra aukeratu eta pirinioetakobidea@gureeskudago. eus posta elektronikora idatzi behar dute.