INFO

Jesus Izagirre gudariaren hezurrak Gabiria zuen sorterrira bueltatu dira

Jesus Izagirre sarjentua zen Amaiur batailoian eta 1937 maiatzaren 14ean erahil zuten beste bost herrikiderekin batera, Bizkargi mendian. Modu anonimoan hamarkada luzez lurperatua egon ondoren, igande honetan iritsi dira bere hezurrak sorterrira, Gabiriara, heriotzaz geroztik 85 urte igaro direnean.

Gabiria herriak Izagirre sendiari omenaldia egin dio. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Gabirian jaio zen 1910. urtean Jesus Izagirre, eta 1937ko maiatzaren 14ean erahil zuten beste bost kiderekin batera Bizkargi mendian, Muxika, Larrabetzu eta Zornotzaren artean, Bizkaian. Amaiur batailoiko sarjentua zen, eta bere hezurrak jaioterrira itzuli dira igande honetan, justu bere heriotzaren 85. urteurrenean.

Gudariaren hezurrak omenaldi ekitaldi batekin jaso dituzte eguerdi honetan, dantzariekin eta txistularien soinu artean; haren ondorengoek pozarren jaso dituzte, eta hunkituta azaldu dira.

Hezurrak bilatzeko lan nekeza egin du eta familiaren bidelagun izan da Iñigo Santxo abokatua, eta berak hartu du hitza ekitaldian. Arantzazu Baztarrika senideak eta Oier Oiarbide Gabiriako alkateak ere parte hartu dute.

Sorterrira heldu aurretik 75 urtez modu anonimoan egon dira lurperatuak Bilboko hilerrian. Izagirrerekin batera tiroz erahil zituzten beste bost gudari: Simon eta Luis Altzueta anaiak, Joxe Mari Gabiria, Joxe Apaolaza eta Jose Ramon Igartzabal. Denak herrikoak ziren, eta 21 eta 27 urte bitartean zituzten hil zituztenean.

Bizkargin hildako sei gudari gazteen gorpuei Bilboko hilerrian eman zitzaien lurra, baina handik 15 urtera hobi komun batera eraman ziren. Ordea, Izagirreren hezurren kasuan ez zen hala izan: bere arreba Maria Izagirrek Aspiunza familiarekin zuen adiskidetasuna medio, 1946an Luis Aspiunzak zuen hilobian lurperatu zuten. Bertan egon zen, modu anonimoan, iragan irailera arte.

Santxok aurretik ekindako bilaketaren ondotik piztu zen Izagirre aspiunzatarren hilobian egon zitekeenaren susmoa. Gogora Institutuarekin harremanetan jarri zen orduan, eta lau urtetako tramiteak eta ikerketa lanak medio, martxoaren 31ean baieztatu ahal izan zen desobiratutako arrastoak Izagirrenak zirela.