INFO

Kerman Lejarraga, munduko txapelketarako bidea egiten

«Morgako errebolberrak» Las Vegasen prestatu du James Metcalf ingelesaren kontrako borrokaldia Ibon Larrinaga entrenatzailearekin batera. Europako gerrikoari uko egin ostean, Ismael Salas kubatarraren gimnasoan aritu dira maila bat gora igotzeko ikasten.

Kerman Lejarraga eta Ibon Larrinaga, Ismael Salas entrenatzaile kubatarrarekin. (@LarriPuraVida13)

Kerman Lejarraga AEBetan izan da azken bi hilabeteetan entrenatzen. Ez da lehen aldia, New Yorken ere garaipen bat lortutakoa da 2017an eta Avanesyan-en aurkako bigarren borrokarako ere Los Angelesen ibili zen prestatzen. Oraingoan, aldiz, epea luzeagoa izan da eta Las Vegasen egon da Ismael Salas kubatarraren gimnasioan.

Ibon Larrinaga entrenatzaileak azpimarratu duenez, Salas «eminentzia» bat da boxeoaren munduan eta urte mordoa darama izar handiekin lan egiten. Kubako selekzio olinpikoaren hainbat domina lortutakoa da. Eskola horretatik atera dira Casamayor, Lara, Ugas, Rigondeaux eta halako munduko txapeldunak. Thailandian, Japonian, Australian eta AEBetan ere aritu izan da entrenatzen. Lejarragaren ordezkaritzaz arduratzen den Boxing management promotorak mahai gainean jarri zien «kalitatezko jauzi bat» emateko aukera eta Las Vegasera «ikastera» joateko hautua egin zuten.

Oso gustura egon direla nabarmendu du Larrinagak: «Etxean bezala sentitu gara eta erraztasunak eman dizkigute etengabe». Fraideen bizitza egin dutela dio, baina ondo moldatu direla ezagutu dituzten gehienak latinoamerikarrak baitziren eta gaztelaniaz elkar ulertzen zutelako. Gainera, egindako lanketa taktikoa eta teknikoa Lejarraga barneratzen joan dela egindako ‘sparring’-etan azpimarratu du eta hori oso baliagarria izan dela bere «buruarentzako eta boxeorako».

Ibon Larrinaga Ismael Salas kubatarrarekin batera. (@LarriPuraVida13)

San Mamesen aurkeztu zuten gaur Miribillan egingo den borrokaldia. Lejarragak bertan aipatu zuenez, merezi izan du Las Vegasen egindako egonaldiak. Boxeoaren teknika hobetu beharra daukala uste du eta oso ondo etorri zaiola, nahiz eta pixka bat «anarkikoak» izan diren entrenatzerako orduan. Lejarragak ezagutzen du aurrean izango duen James Metcalf boxeolaria. Ingelesarekin entrenamenduak egiten ibilitakoa da welter pisuan lehiatzen zenean. Larrinagak ere borrokalari gogorra dela dio eta Aitor Nietori matrailezurra apurtu ziola gogora ekarri du. 22 garaipen lortu ditu profesionaletan eta bi porrot bakarrik jaso ditu.

WBA erakundeko super welter Continental gerrikoa izango da jokoan. Lejarraga «oso ondo eta konfiantzarekin» iristen dela ziurtatu du Larrinagak. Borroka irabaztea Munduko Txapelketarako «giltza» izan daiteke. Jakitun dira eta «Morgako errebolberrak» garrantzi hori eman dio Bilboko borrokari. «Guda bat ikusiko dugula ziur nago», esan zuen komunikabideen aurrean egindako agerraldian.

Giro beroa espero da harmailetan. Lejarragak borrokatzen duenean hainbat zale izaten dira animoak ematen, baina Metcalfek horrek ez duela beldurtuko esan du eta irabaztera aterako dela. Jon Miguez eta Rikar Urrutia bizkaitarrak eta Amatriain nafarra ere taula gainera igoko dira gaualdian. Eddie Hearn ospetsuaren Matchroom boxing promotorak antolatu du borrokaldia eta DAZN plataformaren bitartez ikusi ahalko da. 

Larrinaga eta Lejarraga Las Vegasen entrenatzen Ismael Salasen gimnasioan. (@LarriPuraVida13)

30 urte bete ditu Lejarragak otsailean. 34 garaipen lortu ditu eta bi porrot jaso ditu, David Avanesyan errusiarraren kontra, hain zuzen ere. Urte hasieran uko egin zion super welter pisuko Europako gerrikoari, joan den irailean Bartzelonan irabazi zuenari. Welter pisuan ere irabazitakoa zen eta Munduko Txapelketarako lehian sartzea da hurrengo helburua. Horregatik izan dira AEBetan hoberenekin entrenatzen. «Goiko mailara heldu nahi badut, gutxienez, gainontzekoek bezain gogor lan egin behar dut», esana zuen Morgakoak Las Vegasetik egindako adierazpen batzuetan.

‘Memo’ Heredia prestatzaile fisiko mexikarrarekin ere lan egin dute eta gimnasio berean izan dira Lara eta Ugas kubatarrak edo Caleb Plant estatubatuarra, hirurak munduko txapeldunak izandakoak. Azken honekin gertatutako anekdota kontatu du Larrinagak. Kermanek berarekin argazki bat egiteko eskatu zion. Plantek ez zuen ezagutzen eta behin eta berriro galdetu zion argazkia egiterakoan bere izenaren inguruan. Izan ere, entrenatzen zegoenean Plantek sumatu zuen Lejarragak bere antzeko pisua zeukala eta ematen zituen kolpeen indarra.

Larrinagak azaldu duenez, boxeoaren munduko erakunde ezberdinetan goiko postuetan dago Lejarraga. «Bere izena Munduko Txapelketa lehiatzeko izenen artean dago. Borroka hau irabazi behar du eta prest egon iristen denerako», komentatu du Itzubaltzetako entrenatzaileak.

Larrinaga eta Lejarraga, Ismael Salas eta gimnasioaren aritzen diren beste hainbat boxeolarirekin. (@salasboxingacademy)

Caneloren porrota Bivolen aurka eta Nany Suarez

Bivol errusiarrak Canelo mexikarra garaitu zuen Las Vegasen egindako borrokaldian. (Ethan MILLER / AFP)

Lejarragaren entrenatzailea izateaz gain, boxeolaria ere bada Larrinaga eta orain dela urte batzuk New Yorkeko Madison Square Garden mitikoan izan zen borrokan. Michael Conlan irlandarraren aurka aritu zen eta puntuetara galdu zuen. Las Vegasen egindako egonaldian aukera izan du bertan izan diren zenbait borrokatara joateko. AEBetan edozein kiroletan «ikuskizuna bilatzen» adituak direla nabarmendu du. MGM kasinoan izan zen Valdez-Stevenson lehia ikusten eta baita ere Caneloren eta Bivolen artekoan T-Mobile estadioan. Mexikarrak galdu egin zuen errusiarraren aurka puntuetara eta errebantxa egon daiteke. Canelo ohikoa duen baino lau-bost pisu gorago borrokatu zen eta ezin izan zuen Bivolekin.

Azkenik, Larrinaga Nany Suarezen entrenatzailea ere bada eta bigarren pisu batean Europako txapeldun izateko entrenatzen ari dela komentatu du. Ekainean lehiatzeko asmoa dute. Bilbon bizi den 31 urteko asturiarrak joan den abuztuan irabazi zuen euli arina pisuan lortu zuen gerrikoa, baina urte hasieran uko egin eta pisu bat igotzea erabaki zuen. Entrenatzaileak azaldu duenez, erosoago sentitzen da pisu horretan.

Nany Suarez, Lejarraga eta Larrinaga San Mamesen egindako aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)