INFO
Elkarrizketa
Omar Diop
Euskara Aurrera manifestazioaren partaide eta deitzailea

«Kanpotarrei ere euskara zer den esplikatzea nahi nuke»

Euskara Aurrera larunbateko manifestazioan izanen da Omar Diop. Ondarroar petoan mintzo den berriatuarra, jatorriz Senegalgoa, prest dago euskara edonon zabaltzeko. Horren erakusle, euskara zer den azaldu die Bassouleko herrikideei, aktore agertzen den ‘Hondar ahoak’ telesailaren bidez.

Omar Diop, Baffoul Senegalgo herrian. (Birama BARRO)

Omar Diopek 26 urte ditu, Senegalgo Bassoul herrikoa da eta Ondarroako euskara petoan mintzatzen da. 14 urterekin Berriatura bizitzera etorri zenean ez zekien euskara zer zen. Egun batean, osabarekin telebista ikusten, galdera bat egin zion: «Telen entzuten dudana eta eskolan entzuten dudana ez da berdina. Orduan esan zidan euskaraz egiten zuela berba jendeak. ‘Bai ala bai ikasi behar dut’, erabaki nuen. Ondarroako Zubi Zahar ikastolan graduatua atera nuen eta euskara klaseak hartu nituen Txomin Aramaio eta Aintzane Arrietarekin».

«Txomin AEK-ko irakaslea da, eta berak esan zidan euskaltegira joateko. Matrikula ordaindu zidan. B2 atera nuen. Ondoren, goi mailako ziklo bat egin nuen arrantza eskolan».

«Gogoaz eta ahalegin pixka bategaz dena aurrera atera ahal da»; horixe du filosofia. «Asko kostatu zitzaidan hasieran; errealitate oso ezberdinetan bizi gara Senegalen eta hemen. Baina lagunak egitean dena askoz errazagoa izan zen. Futbolak ere asko lagundu dit hizkuntza ikasteko».

‘Hondar ahoak’-en aktore

‘Hondar ahoak’ telesaileko aktore bezala ezagutuko du Omar aunitzek. Txintxua Filmsek Ondarroako Udalean galdetu zuen ea senegaldarrik ezagutzen zuten euskaraz zekiena. «Deitu zidatenean lotan nengoen. Ez nekien brometan zebiltzan ala ametsa zen».

«Bizitzak egin didan erregalurik onena izan da. Orain Ermuko antzerki tailer batera joaten naiz. Korrikako bideoa eta spotak egin ditut… Beti nago prest aukerak aprobetxatzeko», dio. «Momentuan Kide fabrikan nabil, hozkailuentzako panelak egiten, gustura».

Berriki Zornotzako Lauaxeta ikastolan hitzaldia eman zien ikasleei, euskaraz mintzatzera animatzeko. Hona bere aldarria: «Gustatuko litzaidake kanpotarrei ere esplikatzea euskara zer den, nondik datorren, zelan lortu zuten ikastetxeetan erakustea. Geuk defendatu behar dugu gure hizkuntza, geurea delako».

Senegalen oporretan, ‘Hondar ahoak’ telesaila eraman zuen USB batean eta bera ibilitako eskolan jarri zuen. «Itzuli, eta euskara zer zen esplikatu nien, berba batzuk erakutsi nizkien... Zuzendariak esan zidan beren hezkuntzarako interesatzen zitzaiela. Oso polita izan zen, ume guztiak galdetzen... Prest nago euskara edonon zabaltzeko».