INFO

Paueko auzitegiak azterketak euskaraz egiteko eskubidea babestuko duela espero du Seaskak

Seaskak ezarritako helegiteari buruzko erabakia heldu den astean plazaratuko du Paueko Administrazio Auzitegiak. Edonola ere, gaurko auziaren ostean, «ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidea babestea» beste aukerarik ez dutela aurreikusten adierazi dute Seaskako ordezkariek.

Azterketak euskaraz egitearen aldeko aldarrikapena presente izan zen Euskara Aurrera lelopean larunbatean Donostian egin zen manifestazioan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Seaskak helegitea ezarri zuen Administrazio Auzitegiaren aurrean Bordeleko Hezkuntza Akademiako Hezkuntza erretorea den Anne Bisagni-Fauren aurka. Gaur arratsaldean iragan da Pauen azterketak euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko Seaskak martxan emandako prozeduraren azterketa.

Azken asteetan errektorearekin izan dituzten bilerek emaitzarik eman ez ostean erabaki zuten Seaskako ordezkariek administrazio auzitegian helegitea ezartzea.

Seaskako arduradunek auziaren berri eman zuten hilaren 19an Baionako Auzitegiaren aurrean eginiko agerraldiaren bidez. Presazko afera izanik, auzia gaurko, maiatzaren 23rako, finkatua zela zehaztuz.

Gaurko auziaren ostean baikor mintzatu da NAIZekin Hur Gorostiaga. Seaskako zuzendariak laburbildu duenez, legea eskutan, «gure ikasle guztiek, eta ez soilik euskara berezitasun gisara hautatu dutenek, Baxoko Ahozko Handia euskaraz egitea baino beste aukerarik ez dugu aurreikusten».

Hezkuntza Ministaritzaren ordezkariek baliaturiko argudioak «bata bestearen atzetik erori direla» nabarmendu du Gorostiagak. Are, Paueko Ikuskaritzako idazkariari egokitu zaio Hezkuntza errektoretzako abokatuak emandako arrazoiak babestea.

Lehenik eta behin kolokan jarri du Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Seaskarekin bat eginez, azterketak euskaraz egiteko eskubidea bermatzen duen komenioa sinatzeko zilegitasunik izatea. Horren aurrean, Seaskako ordezkariek EEPren baitan lankidetzan jarduten duten erakunderen artean Estatua bera badagoela oroitarazi behar izan dute.

Bigarren argudio gisara, Hezkuntzako ordezkariek zalantzan jarri dute gaurko afera presazko auzi gisara bideratu behar zenik, eta ohiko prozedura moldea baliatzea aldarrikatu dute. Alta, ikastoletako arduradunek Baxoa froga heldu den hilabetean iraganen dela nabarmendu dute. «Presazko auzibidea galdetu gabe ezin genuen bermatu auzitegiaren erabakia garaiz helduko zenik, hau da azterketak egin aitzin», zehaztu du Gorostiagak.

Finean, Bordeleko erretoreak Seaskako arduradunekin izan zituen bileretan baliaturiko oharra aipatu du auzitegian Hezkuntzako ordezkariak. Bere erranetan joan zen uztailean plazaratu zen ohar batean zehaztu zen eskualde hizkuntza berezitasuna bezala hautatzen zuten ikasleek Ahozko Handiaren zati bat euskaraz pasatu zezaketela. Izan ere, Gorostiagak azaldu duenez, «ohar horretan ez zen preseski aipatzen beste ikasle guztiendako debekatua zela azterketa euskaraz egitea».

Edonola ere, ohar horren gainetik beste hiru arau badaudela defendatu du Seaskak gaurko auzian.

Lehenik eta behin 2019an, EEPren babespean, hots Estatua partaide den egituraren sostenguarekin, Seaskak Baxoko frogaren zatia euskaraz egiteko eskubidea jaso zuen hitzarmena lortu zuen. Hori gutxi balitz bai hezkuntza kodeak baita murgiltze ereduaren gainean plazaraturiko zirkularrak ere azterketak euskaraz egiteko eskubidea jaso zuten.

Gauzak horrela, legea eskutan, heldu den astean Paueko Administrazio Auzitegiak azterketak euskaraz egin ahal izateko berme berria emanen duela espero du Hur Gorostiagak.