INFO

Andrew Goudelock, Bilbao Basketen saskiratzaile nagusiena, beste urtebetez izango da Bilbon

ACB Ligako hamar saskiratzaile onenen artean sailkatu da Goudelock, batez beste 14,3 puntu saskiratu ostean. 2002/23 denboraldian jarraitzeaz gain, 2023/24 sasoian jarraitzeko aukerak ere zabalik jarraituko du. Rafa Pueyo kirol zuzendariarentzat «oso albiste positiboa da» estatubatuarrak jarraitzea.

Andrew Goudelock saskiratzaile estatubatuarrak beste urtebete egingo du Bilbon. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Surne Bilbao Basketek eta Andrew Goudelockek kontratua berritzeko akordioa lortu dute. Pasa den denboraldian beltzezko gizonen saskiratzailerik onenak beste urtebetez jarraituko du Bilbon eta, horrez gain, beste urtebete gehiago jarraitzeko aukera ere izango du eskolta estatubatuarrak, baldin eta talde bizkaitarreko agintariek hala erabakitzen badute.

Bilbao Basketek espero du saskiratzaile amerikarrak «2022/23 denboraldian beltzezko gizonen pieza garrantzitsua izaten jarraitzea; izan ere, aurtengo denboraldian» taldeko saskiratzailerik onena izan da ACBko bere lehen denboraldian, 14,3 puntu lortu zituen batez beste. Ondorioz, ACB Ligako hamar saskiratzailerik onenen artean kokatzea lortu du», azpimarratu du talde bilbotarak hedabideetara bidali duen prentsa ohar baten bitartez.

Rafa Pueyo Bilbao Basketen kirol zuzendariaren iritziz, «Goudelockek kontratua berritzea albiste oso positiboa da klubarentzat, taldeko saskiratzaile nagusia eta aldagela barruko liderra delako».

«Kanpoko jaurtiketan erabateko erreferente bat lortu dugu. Aurkariek beren defentsa Goudelockengan zentratu beharko dute, defentsa ororen arreta bereganatzen duen jokalaria baita. Horrez gain, esperientzia handia du eta erantzukizuna hartzen du partidetako une erabakiogarrietan. Oso pozik gaude gure proiektuan sinesten duelako eta datorren denboraldian beltzezko gizon gisa jarraitzen duelako», gaineratu du Pueyok, pozarren Andrew Goudelock lako jokalari garrantzitsu batek Bilbon jarraitzea lortu ahal izan duelako talde bizkaitarrak.

Antza denez, Goudelockek ez ezik, Tomeu Rigok eta Alex Reyesek ere laster konfirmatuko omen dute Bilbon jarraituko dutela, eta Ludde Hakansonek Bilbon jarraitzeko «bide onean» omen daude negoziaketak, Bilboko bertako hedabideek aditzera eman dutenez.