INFO

Salva Sevilla beteranoa da Alavesen aurreneko fitxaketa datorren denboraldiari begira

38 urteko erdilari espainiarra da Luis Garcia Plaza entrenatzailearen eskutik talde babazorroak ekarri duen lehenengo jokalaria. Pasa den denboraldian Mallorcan egon eta gero, urtebeterako fitxatu du Alavesekin. Lehenengo zein Bigarren Mailan sekilako eskarmentua dauka.

Salva Sevillari ongi etorria egin dio Alavesek. (DEPORTIVO ALAVES)

2022/23 denboraldiari begira, Deportivo Alavesek aurreneko fitxaketa egin du zapatu honetan: Salva Sevilla erdilaria, Almeriako Berja herrian duela 38 urte sortutako erdilari andaluziarra. Klub babazorroak aditzera eman duenez, urtebeterako fitxatu du eta, antza, Luis Garcia Plaza entrenatzailearekin berriz ere elkartuko da, aurrez ere biek elkarrekin lan egin baitzuten.

Pasa den denboraldia Mallorca taldean eman du jokalari espainiarrak. Lehenengo Mailan zortzi denboraldi eman ditu eta bederatzigarrena beteko du aurten Bigarren Mailan; alegia, eskarmentua sobera duela babazorroen aurreneko fitxaketa honek hain maila gogorrari ekiteko unean.

Gasteizera iritsi aurretik, izan ere, ia nonahi ibili da, Espainiako Ligako taldeetan beti ere: Poli Ejido, Atletico Madril eta Sevilla klubetako «B» taldeak, Salamanca, Betis, Espanyol eta Mallorca ezagutu ditu bere ibilbide oparoan. Orotara, 59 gol sartu ditu Salva Sevillak.

Esan gabe doa Lehen Mailatik Bigarrenera jaitsi ostean, Deportivo Alavesek aldaketa ugari egin beharko dituela jokalarien artean, eta gorengo mailara itzultzeko ahaleginean, eskarmentua duten zenbait jokalari izatea ezinbestekoa izango dela, are gehiago Luis Garcia Plaza entrenatzailea ongi ezagutzen baldin badute horietako batzuek, Salva Sevilla berak bezala, esaterako.