INFO
Elkarrizketa
Asier Illarramendi
Realeko kapitaina

«Kolpe asko izan dira, baina aurrera begiratu behar da, borrokan segitu eta hurrengoari heldu»

Mutrikuarrarentzat denboraldia normaltasunez bukatzea Europa Leaguen sartzea bezain garrantzitsua izan da, azken hiru urteotan lesioekin izan duen oinazealdiagatik. Bere gorputzak eta buruak borroka latz eta luzea gainditu behar izan dute.

Asier Illarramendi, denboraldi honetako azken partidan, Anoetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2019ko otsailaren 10ean eskuineko aduktorea hautsi zuen Illarramendik Mestallan. Denboraldi horretan, azken bi partidetan itzuli zen eta hirugarren jardunaldian, abuztuaren 30ean, San Mamesen, ezker peronea hautsi eta orkatilako lotailua ere mindu egin zuen. Arazo horietatik osatutakoan ohartu zen Mestallako lesioa ez zegoela gaindituta. 2020ko uztailean ebakuntza egin zioten Londresen eta hortik aurrera lesio muskularrak izan ditu, bata bestearen atzetik, 2021eko azarora arte. Azkenengo sei hilabeteetan ez du arazorik izan; denboraldia zelaian bukatu du eta Mortirolo igotzera joan da Giroa ikusteko. Horrek ematen dio konfiantza hurrengo denboraldiaurrea normaltasunez gauzatzeko eta bere maila berreskuratzeko. Behin tunel ilunetik aterata, sentsazio horiek adierazi dizkigu mutrikuarrak, ebakuntza hasieran egin ez izanaren atsekabez.    

Urte amaiera ezin hobea izan da zuretzat, lesioak gaindituta eta taldearen helburua lortuta?

Azkenengo urteetan ez dut zorte handirik izan lesioekin eta aurten behintzat ondo bukatu dut. Denboraldi hasieran arazo muskularrak izan nituen, baina gabonetatik aurrera ez dut izan, ondo sentitu naiz une oro eta niretzat pozgarria da urtea horrela bukatzea. Gainera, taldeak helburu guztiak lortu zituen partida baten faltan.

Lehen taldera pasatu zinenetik ia lesiorik izan gabe zeunden eta azken hiru urteetan denak batera etorri dira...

Nire ibilbidean zehar ez dut izan lesio muskular askorik eta orain elkartu dira denak, izan ditudan bi ebakuntzen ondorioz. Denbora batez geldirik egon ondoren ez da erraza taldearen erritmora egokitzea. Prozesu horretan gorputzak sufritu egiten du eta, zoritxarrez, momentu batzuetan ez diot erritmoari eutsi, baina denboraldi hau ondo bukatu dut, eta horregatik oso pozik.

«Ez operatzea erabaki genuen, bost hilabetera itzuli nintzen, baina ez nengoen gustura. Hasieran operatuz gero, ziur azkarrago errekuperatuko nintzela»

Kalbarioa Mestallan hasi zen aduktorea lesionatuta. Larria zirudien, baina inork ezin zuen espero hainbesterako izatea...

Momentuan konturatu nintzen larria zela; ezin nintzen mugitu ere egin. Halako lesioekin esan zidaten operatzea aukera bat zela, baina onena ez operatzea zela, bakarrik errekuperatuko zela. Zoritxarrez, ebakuntza egin gabe ez nintzen ondo errekuperatu eta handik urtebetera operatu behar izan nuen, neuzkan molestiekin ezin nintzelako futbolean aritu. Ezin nion baloiari eman eta operatzea erabaki genuen denon artean. Ebakuntza horren ondorioz, bai, guztiz errekuperatu nintzen.

Ebakuntza egin gabe, hurrengo denboraldi hasieran, San Mamesen, peronean eta orkatilan lesio larriak egin zenituen, baina hiru partida horiek min hartuta jokatu zenituen.

Denboraldiaurre horretan molestiekin ibili nintzen, infiltratuta jokatu nituen partidak. Ezin nuen baloia ondo jo; jotzen nuen bakoitzean sekulako ziztada nabaritzen nuen aduktorean eta, beste lesioa zela-eta, operatzea erabaki genuen, ezin nuelako horrela segi; jasanezina zen. Eta bai, operazio bat, bestea, denbora asko zelaietatik kanpo, nik nahi nuena baino gehiago… Baina horrelakoak pasatzen dira futbolean. Nahiz eta inork ez duen min hartu nahi, badakigu horrelako momentuak pasatzen direla batzuetan eta aurre egin behar zaiela. Ez dago besterik.

Lastima hasieran operatu ez izana. Urte eta erdiz geldirik egon ondoren arrisku handiagoa dago lesio muskularrak izateko...

Bai. Hasieran operatuz gero, ziur azkar errekuperatuko nintzela. Ez operatzea erabaki genuen; bost hilabetera bueltatu nintzen, baina ez nengoen gustura eta, operatu eta gero, beste sei hilabete. Erdira moztuko nuen errekuperazioa, baina ez dakizu. Eta esaten badizute onena ez operatzea dela, sinetsi egiten duzu hala izango dela. Beti ez da pasatzen nahi duguna eta ez gara errekuperatzen lesio batetik nahi dugun bezala. Nire kasuan hori gertatu zen.

Kirolarion bizitzan beti gaude gurpil horretan sartuta. Nahiz eta hilabete edo hilabete eta erdiko atsedena hartu, aktibo egoten zara. Kirol entrenamenduak ez egin arren, beste kirol batzuk  egiten dituzu eta gorputza aktibo dago. Lesioekin, gorputza denbora luzean geldirik dago; momentu batzuetan ezin duzu kirolik egin eta gero poliki-poliki hasten zara. Baina eliteko entrenamenduak nabaritzen dira. Gorputzak igartzen du eta faktura pasatzen dizu. Nire kasuan horrela izan da eta horren ondorioz etorri dira beste lesioak.

«Denbora luzez egon nintzen halako momentu baten zain; ez zen min fisikoa izan, bihotzean eragina izaten du»

Eta, gainera, krudelak eta kolpe gogorrak, gertatu diren momentuengatik. Iaz, adibidez, bata Kopako finalaren aurretik eta bestea, azken partidan…

Bai, berez ez dira lesio larriak, hiru astekoak, baina azkenean minak bihotzean eragina izaten du. Denbora luzez egon nintzen horrelako momentu baten zain. Finala zelaian bizitzeak, taldekideekin, ilusio handia egiten zidan, eta hain justu aurreko entrenamenduan min hartu nuen. Ez zen min fisikoa izan; bestelakoa izan zen. Errekuperatu nintzen eta hain justu azkenengo partidan berriro jokatu eta hamargarren minutuan orkatila bihurritu nuen. Lesio asko etorri dira, baina aurrera begiratu behar da, borrokan segitu eta hurrengoari heldu. Ez dago besterik.

Mentalki ere egoerak proban jarri zaitu. Beti esan duzu ez zenuela amore emango. Burugogorra izan beharra dago?

Egia da min fisikoa neukala lesioen ondorioz. Banekien horrelako lesioak denborarekin errekuperatzen direla, baina gogorra izan da. Lesio bat, errekuperatzea; beste bat, berriro burua altxatzen hasten zara eta beste bat. Kolpe asko izan dira eta inor ez dago prestatuta horrelako egoeretarako, hain lesio luzeak izateko. Baina aurrera begiratu behar da, beti esaten dizutena egin, zure entrenamendua edo eginkizunak bete eta denborarekin dena bere tokira iristen da. Momentu asko egon dira, bajoiak... Hasieran min fisikoa daukazu eta ez da pasatzen; ebakuntzaren ostean oraindik mina daukazu... Ia hiru urte zegon naiz lesio batetik irten eta beste batean sartzen eta momentu denak ez dira onak. Bajoi horietan, nahiz eta gogorra izan, beti pentsatu dut aurrera begiratu behar zela; dena bere lekura bueltatuko zela eta borrokan segitu behar zela.

Illarra, Cadizen aurkako partidan, pasa den denboraldian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Garrantzitsua izan al da hiru urte hauek gainditzeko Imanolek osatu zarenean konfiantza eman izana, nahiz eta erritmo falta sumatu?

Zalantzarik gabe. Azken finean, garrantzitsuena hori da, entrenatzaileak ematen dizun konfiantza, horrelako momentuetan, baita besteetan ere. Nahiz eta partida eskasagoak edo hobeak jokatu, entrenatzailearen konfiantza badaukazu, badakizu hurrengo partidan egongo zarela. Nire kasuan, nahiz eta lesionatuta eta taldetik kanpo egon, bueltatutakoan izan ditut aukerak erakusteko eta ezin naiz kexatu.

Eta taldea ondo egoteak ere lagundu al dizu?

Zalantzarik ez. Taldeak sekulako meritua dauka hiru urtez jarraian Europa Leaguerako sailkatu izanagatik. Ikusita Ligan zer talde dauden, ez da gauza erraza eta lortu egin dugu. Bagenekien ez zela erraza izango. Aurten, behintzat, partida baten faltan lortu dugu helburua eta pozik egotekoa da. Egia da jendeak hori exijitzen digula, normalizatuta bezala dagoela Europara iristea, baina ez da horrela. Lan asko egin behar da: urte osoan egin dugu lan, eta hor dago saria.

Azken partidetan dena jokoan zegoenean, Imanolek zelai erdian erronbo bat marraztu du. Sistema horrek lagundu egin dizu, entrenatzaileak baloiaren kontrola nahi duelako barruan eta hor kokatu zaitu.

Beste sistema bat ari gara erabiltzen eta hori taldearentzat positiboa da; entrenatzaileak nahi duenaren arabera, bata edo bestea erabiltzea. Sistema honekin erdian lau jokalarirekin aritu gara, kontrol hori eduki nahi dugu, taldea luzatu eta futbol ona egin dugu. Agian ez ditugu lortu merezi genituen puntuak, baina joko aldetik taldeak partida onak egin ditu eta horri begiratu behar diogu. Emaitzak batzuetan bidezkoak dira eta besteetan ez, baina urte hasieratik taldea oso erregularra izan da, futbol ona egin dugu eta azkenean hor daude emaitzak.

Zubimendik maila handia eman du eta azken partidetan bere aurretik aritu zara. Gustura sentitu zara, normalean baino atzerago jokatu arren?

Niri gehiago gustatzen zait baloia aurpegiz jasotzea, baina postu horretan jarri nau Imanolek eta horretara ohitu nahi izan dut. Azkenean, ni gustura zelaian egoten naiz: pixka bat atzerago edo aurrerago, denok nahi dugu zelai barruan egon taldeari laguntzeko.

«Zorionez, sei hilabete hauetan entrenamendu guztiak ondo egin ditut eta gustura, gorputzak aguantatzen duelako eta fisikoki ondo sentitu naizelako»

Eta garrantzitsuena da sei hilabetean jarraipena izan duzula, inolako lesiorik gabe...

Bai eta, alde horretatik, ni gustura nago. Entrenatzen hasi nintzenean zalantza hori neukan beti; burua bueltaka hainbeste lesio izan ondoren. Pentsatzen duzu “ia ez dudan izaten beste bat” edo “ia gorputzak eusten dion”... Horrelako zalantzak dauzkazu buruan bueltaka baina, zorionez, sei hilabete hauetan entrenamendu guztiak ondo egin ditut eta gustura, gorputzak aguantatzen duelako eta fisikoki ondo sentitu naizelako.

Orain, datorren denboraldiaurrea besteekin batera egiteko irrikan egongo zara aspaldiko partez, hiru urteotan falta izan zaizun erritmoa hartzeko...

Bai, hori da. Aurten ere hori zen helburua. Alegia, denboraldiaurrea ondo egitea, fisikoki ondo jartzeko, eta, zoritxarrez, ezin izan nuen: min hartu nuen eta ez nuen izan denboraldiaurre osoa egiteko aukera. Eta azkenean hori da behar duguna: entrenamenduak egin, forma hartu eta hasierarako topera jarri. Zeren urtean zehar denak topera daudenean oso zaila da zu beren mailan jartzea. Ia datorren denboraldiaurrean pixkanaka ondo jartzen naizen.

Beti esaten da futbolean garrantzitsua dela lesiorik ez izatea eta zu inor baino gehiago jabetu zara horretaz.

Urte hauetan pasatu dudana pasatu eta gero, garbi daukat garrantzitsuena osasuna dela. Badakigu zer den futbola eta ez dugu lesorik izan nahi. Gero, zelaian egon ala ez, hori ez dago zure esku, entrenatzailearen erabakia da, baina behintzat egunerokoan hor egon, taldearekin entrenatzen.