INFO

Antropologia Feminista Kongresuak 350 aditu elkartuko ditu ekainaren 8tik 10era Donostian

Donostian egingo den Antropologia Feminista Kongresuak 350 aditu baino gehiago elkartuko ditu, Euskal Herrikoak nahiz nazioartekoak.

Antropologia Feminista Kongresua aurkeztu dute asteazken honetan. (Gorka Rubio | FOKU)

Datorren asteazkenetik ostiralera, hilaren 8, 9 eta 10ean, Antropologia Feminista Kongresua egingo da Donostian, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. UPV/EHUko AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak eta Ankulegi Euskal Antropologia Elkarteak elkarlanean antolatzen dute nazioarteko kongresu hau.

2018an zen egitekoa kongresua, baina 2021era atzeratu zuten antolatzaileek pandemiaren ondorioz; iaz, halaber, berriro ere atzeratzea erabaki zuten, aurrez aurreko kongresu bat bermatzeko, asteazken honetan antolatzaileek eman duten prentsaurrekoan jakitera eman dutenez.

Azkenean, datorren astean egingo da eta 350 pertsonatik gora, Euskal Herrikoak zein nazioartekoak, hartuko dute parte foroan.

Azaldu dutenez, hiru helburu ditu ekimen honek: antropologia feministak diziplinari egiten dizkion ekarpenak eta gaur egun dituen eztabaida eta erronka nagusiak aztertzea, bai teorikoki eta bai metodologikoki; bai Euskal Herrian eta bai nazioarte mailan garatzen ari diren ikerketa lerroak eta beraiek zehazterakoan eragina duten faktoreak aztertzea eta antropologia feminista eta feminismoaren eta, oro har, gizartearen arteko harremanak berrikustea.

Egitarau zabala

Egitarau anitza eta zabala prestatu dute arduradunek. Hiru eguneko kongresuaren baitan bi ekimen mota antolatu dituzte antolatzaileek. Batetik, bost mahai-inguru nagusi egingo dira, ondoko gaiak jorratzeko: «Unibertsitatea, jakintza eta prekarietatea: biziraupen zaila»; «Genero-antropologia eta antropologia feminista: genealogia komun baten zenbait ibilbide»; «Eztabaida eta erronka teorikoak»; «Prozesu etnografiko eta ekarpen metodologikoak» eta «Antropologia feminista, feminismoa eta jendartea: eztabaida eta harremanak».

Bestetik, aldibereko 16 panel egongo dira lau une ezberdinetan eta askotariko gaiak landuko dira horietan, kasurako, diziplinartekotasuna, osasunaren antropologia,  dekolonialitatea eta giza eskubideak edo zaintzak eta feminismoak.