INFO

Gladys del Estal omenduko dute igandean Donostian, haren hilketaren 43. urteurrenean

Duela 43 urte Tuteran Guardia Zibilak hildako Gladys del Estal ekologista donostiarra omenduko dute igande honetan, ekainak 5, Gladys Gogoan kolektiboak eta Eguzki talde ekologistak Donostian. Egun berean, ‘Ez, eskerrik asko’ dokumentala izango da ikusgai ETB1en.

2020an Gladys del Estali egindako omenaldia. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Ostiralean, ekainak 3, 43 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, zentral nuklearren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten aurkako polizia jazarpenaren baitan.

Urteurrena dela eta, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak aurten ere ohiko omenaldia antolatu dute Gladys Enean, Donostian. Datorren igandean izango da, ekainaren 5ean.

Covid-19ak eragindako osasun-krisia dela eta, azken bi urteotan omenaldia egokitu behar izan dute, baina bada ohiko usadioetara bueltatuko dira.

Gauzak horrela, aurten 12.00etan bilduko dira parkeko ate nagusian, erromerian igoko dira Gladysen oroitarrira dagoen lekura. Han, goiko ordekan, egingo da omenaldia, aurreskua, lore-eskaintza, kantak eta gainerako ohiko osagaiekin.

Hitzordua 12.00etan izango bada ere, ordu erdi bat lehenago, 11.30ean, Gladysen lagun talde batek beste hitzordu bat jarri du Bulebarrean omenaldira bizikletaz joan nahi dutenentzako.

«Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, guk Gladys ez dugu gurtzen, amabirjina edo santu laiko bat balitz bezala. Guk Gladys gogoratzen dugu. Eta gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako. Aitortza ofizialik, gainera, ez da iristen. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken urteotan egin dituzten urratsak, erresistentzia handiak gainditu behar izan dituztenak, bide onean doazela ematen du, eta itxaropentsu gaude, baina oraindik ez dira gauzatu. Nolanahi ere, bide horretatik aitortza inoiz iristen bada, ongi etorria izango da, baina iritsi ala ez, Gladysek inoiz ez du herritarron aitortza faltan izango. Hain justu, horregatik antolatzen dugu omenaldia, herritarron aitortza hori publikoki adierazi nahi dugulako», adierazi dute omenaldiko antolatzaileek.

Era berean, Gladys «zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak» gaur egun ere erabat indarrean daudela nabarmendu dute. «Osasun-krisiaren ondorioak oraindik gainditu ez ditugunean, bete-betean beste krisi batean sartu gara, eta garbi dago krisi klimatikoa eta ekologikoa bigarren plano batean geratu direla. Energia nuklearra ‘green’ bihurtu da, batetik, eta, bestetik, inoiz baino ageriago geratu da Repsol eta Iberdrola bezalako enpresak direla agintzen dutenak. Dirua barra-barra irabazten ari dira, baina inoiz ez dute nahikoa».

Egun berean, Donostiako EHUko Informatika Fakultatean, ‘Gladys del Estal militante ekologistaren hilketaren ikerketa antropologikoa’ liburua aurkeztuko dute 12.30ean.

Donostiakoaz gain, Gladysen urteurrenaren bueltan, Tuteran ere ekitaldia egingo dute ekainaren 3an, 20.00etan, Puerta del Ebron.

‘Ez, eskerrik asko’ dokumentala ETBn

Larunbatean ere, ‘Ez, eskerrik asko’ dokumentala emango dute ETB1en, 21.55ean. Dokumental honek asmo bikoitza du: batetik, 23 urteko gazte hau zein zen eta gertakariok nola jazo ziren ezagutarazi nahi du; eta bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 79ko eta 80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren berri eman nahi du.

Tuteran, ostiralean

Tuteran ere izango da Gladys del Estali. Ostiralean izango da Ebroren zubian, Guardia Zibilak hil zuen tokian bertan 20.00etatik aurrera. Bardea Libre taldeak deitu du ekitaldia.