‘Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa’ dokumentala, ostiral honetan ETB1en
Ostiral honetan iritsiko da telebistara ‘Ez, eskerrik asko!’, Gladys del Estalen ibilbidea jasotzen duen dokumentala. EB1ek emango du, 21:55ean. Del Estal omentzeko ekitaldiak egingo dituzten egun hauetan Donostian eta Tuteran, bere hilketaren urtemugaren harira.
ETB1ek ostiral honetan eskainiko du ‘Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa’ dokumentala, 21:55ean. Bertha Gaztelumendi da 2019an estreinatu zen dokumentalaren zuzendaria eta Sabino Ormazabalena izan da jatorrizko ideia eta gidoiaren ardura.
Dokumental honek asmo bikoitza du: batetik, 23 urteko gazte hau zein zen eta gertakariok nola jazo ziren ezagutarazi nahi du; eta bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 79ko eta 80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren berri eman nahi du.
Izan ere, ostiral honetan, ekainak 3, 43 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, zentral nuklearren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten aurkako polizia jazarpenaren baitan.
Ostiral honetan, gainera, 12:30ean, EHUko Informatika Fakultateko Ada Lovelace aretoan, ‘Gladys del Estal militante ekologistaren hilketaren ikerketa antropologikoa’ liburua aurkeztuko da. Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoa ikerketa taldeko kidea da.
Urteurrena dela eta, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak aurten ere ohiko omenaldia antolatu dute Gladys Enean, Donostian. Igande honetan izango da, ekainaren 5ean. Covid-19ak eragindako osasun-krisia dela eta, azken bi urteotan omenaldia egokitu behar izan dute, baina bada ohiko usadioetara bueltatuko dira.
Tuteran ere omenaldia egingo diote Gladys del Estali. Ostiralean izango da Ebroren zubian, Guardia Zibilak hil zuen tokian bertan 20.00etatik aurrera. Bardea Libre taldeak deitu du ekitaldia.