INFO

Naturaz gozatuz, kirola eginez eta mugaz gaindi Bidasoa garbitzeko proposamena, ekainaren 18an

Recicla Birziklatu Elkarteak eta zazpi udalek –Lesaka, Bera, Urruña, Biriatu, Hendaia, Irun eta Hondarribia– bultzatu dute ‘Bidasoa ibaia garbi’ ekimena. Uretik zein lehorretik hondakinak biltzea da asmoa, haur, gazte eta heldu, «era positibo eta atseginean». Piknik batekin amaituko dute jarduera.

Bidasoa ibaiaren garbiketa antolatu duten Recicla Birziklatu Elkartea eta zazpi udaletako ordezkariak, ekimena aurkezten. (BIDASOA IBAIA GARBI)

‘Bidasoa ibaia garbi’ jardueraren bidez, Recicla Birziklatu Elkarteak ekonomia zirkularrerako oinarrizko hiru baldintzak landu nahi ditu: hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena. 2030erako garapen jasangarriaren helburuetan lagundu nahi du, aldaketaren parte izanez. Horretarako, Bidasoak bustitzen dituen zazpi udalerriengana zuzendu dira, Lesaka, Bera, Biriatu, Urruña, Hendaia, Irun eta Hondarribia, heldu den ekainaren 18an, larunbata, ibaia guztion artean garbitzeko.        

Aurkezpenean azaldu dutenez, ekintzaren formatuak elkartearen filosofiari jarraitzen dio: «Era positibo eta atseginean sentsibilizatu nahi dugu, heldu eta gazteek ingurune naturalez gozatzea, kirola eginez hondakinak bildu bitartean».

Ekimen honetan parte hartzeko prest dauden enpresek emandako materialarekin eginen da garbiketa: kayakak, piraguak, paddle surf taulak edo baita surf taulak ere. Ibaitik jaisteko eta aldi berean zaborra kentzeko euskarri egokienak direla uste dutelako. Enpresek emanen duten materiala mugatua izanen denez, boluntarioek beraiena ekartzen ahalko dute.

Lurreko garbiketa bide gorritik eta pasealekuetatik eginen da, oinez eta bizikletaz.

Ateratako hondakin guztiak, ikusgai

Ibaitik ateratako hondakin guztiak ikusgai jarriko dituzte, herritarrengan inpaktua sortzeko helburuarekin, Irun eta Hendaia arteko oinezkoentzako zubian.

Udal bakoitzari garbitu beharreko ibaiaren zati bat esleitu diote, beraz, boluntarioek euren bizilekuan jardun beharko dute.

Recicla Birziklatu Elkarteak esplikatu duenez, beren jarduera esparrua Bidasoa eskualdea dela kontuan hartuta, laguntza eman dezakete Plaiaundiko padurak, Bidasoa ibaiko uharteak eta haien ibilgua berreskuratzeko, hondakinen metaketa nabaria baita ingurune horietan pertsonen ekintzen ondorioz.

«Bat egin behar dugu, zaborrak ez duela mugez ulertzen erakusteko. Gure hizkuntza edo nazionalitatea edozein dela ere, denok norabide berean egin behar dugu arraun gure natura ondarea zaintzeko. Ezin dugu denbora gehiago igaro ezer egin gabe», aldarrikatu du.

Parte hartzeko moduak

Boluntarioen laguntzaz eta hainbat erakunde eta elkarteren lankidetzari esker eginen da jarduera. Garbiketara joan nahi duten boluntarioek, urez edo oinez, izena eman beharko dute. Bide ezberdinak daude horretarako: Instagram (@recicla_birziklatu); recicla.birziklatu@gmail.com korreo elektronikoa; Bioterra feria ostiral honetatik igandera (ekainaren 3, 4 eta 5ean); eta jardueraren aurreko astean, parte hartuko duten udaletan eta Hendaiaren kasuan Maison de la Corniche Basque-n.

Garbiketa 8.30 eta 9.00ak bitartean hasiko da eta 12.00etan amaituko da. 12.30ean piknik bat eginen da Irun eta Hendaia arteko oinezkoentzako zubian.

Ondokoak dira boluntarioen elkargune eta orduak: Irunen, uretik ibiliko direnak 7.30ean elkartuko dira Santiagotarrak Arraun Elkartean, eta oinez ibiliko direnak 9.00etan Santiagotarrak Arraun Elkartean eta Bidasoko Guardia Etxean (Behobia nazioarteko zubiaren ondoan).
 
Hondarribian, bidea oinez eta uretik eginen dutenak 9.00etan bilduko dira, Hondarribia Arraun Elkartean eta Nautika Aldatzen.

Hendaian, oinezkoek 9.30ean dute hitzordua Badiako hondartza, Zentro Nautikoaren ondoan, Kanetako portuan, egurrezko pasabidearen hasieran (Joncaux eremua) edota Joncaux Frontoian (Behobiako zubiaren ondoan). Uretatik ibiliko direnek, aldiz, 9.00etan Tribord-en, Badiako hondartzan (Zentro Nautikoaren ondoan), Canetako portua, edota Egurrezko pasabidearen hasieran, Errotazilio kalean (Joncaux eremua).

Biriatun, 8.30ean elkartuko dira oinezkoak eta uretatik ibiliko direnak, Ontxista piknik gunean. Azkenik, lesakarrak eta beratarrak 9.00etan bilduko dira, oinezkoak San Martin ur presa zaharrean (Alkaiaga industrialdean) eta uretik ibiliko direnak Txarandakan.