INFO

Oier: «Behea jo genuenetik aurrera, Osasunaren garapenean protagonista izateagatik harro nago»

Oier Sanjurjok 15 urte eman ditu Osasunako lehen taldean, aurretik beste bi eman zituen harrobian. Ibilbide «luzea baina azkar pasatu dena» errepasatu du eta klubaren garapenean protagonista izateagatik «oso harro» agertu da. Taldea Lehen Mailan egonkortuta ikusteak ere lasaitasuna ematen dio.

Oier Sanjurjoren agurra denboraldiko azken partidan. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Debuta egin nuenetik hamaika esperientzia bizi izan ditut, urte bakoitza berezia izan da». 2007an egin zuen debuta Oier Sanjurjok Osasunako lehen taldearekin eta debutean izan zituen urduritasunak gogora ekarri ditu klubaren kameren aurrean emandako elkarrizketan. Bertan, oroitzapenak plazaratzen jardun da eta momentu onez gain, latzak ere zerrendatu ditu.

Esaterako, «lehen jaitsiera mingarri hura, klubaren egoera nola azaleratu zen eta gero horri nola buelta emateko bidean, ni protagonistetako bat izan naizen». Modu horretan, adierazi du «oso harro» egun Osasuna dagoen lekuan uzteagatik. Izan ere, Lehen Mailan egonkortua dago eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dio.

«Etxeko jokalariz betetako talde batekin nola gai izan ginen Lehen Mailara itzultzeko eta une hori izan zen orain ikusten dugun Osasunaren eraikitze prozesuaren lehen harria jarri genueneko urtea», adierazi du zintzoki.

«Osasuna kasik desagertzear zegoen momentu batetik ni eta nire taldekide asko hemen geratu ginen, elkarri lagundu genion eta hau eraikitzen egon gara», deskribatu du. Hala, «behea jo genuen momentutik aurrera, Osasunaren garapenean protagonista izateagatik oso harro nago».

Bere agurra taldea elitean egonkortuta dagoenean iritsi delako eta klubaren mendeurrena kapitaina izanda bizi izan duelako, zortedun kontsideratzen da. Ohorea izan da berarentzat: «Liburutan geratuko da, estadioko museoan agertuko da…».

15 urte hauetan momentu onak eta ez hain onak bizi dituela onartuta, Osasunan jarraituko ez zuela jakinarazi zuenetik, momentua bizitzen saiatu dela azaldu du, «nahiz eta ez den erraza izan. Emozio guzti horiekin zaila zen momentu horri erreparatzea. Polita izan da, sentimendua daukadana da lasaitasunarena, dena eman dudanaren sentimendua daukat».

«Nafar batentzat ez da soilik Osasuna, balore batzuk jorratzen dira bertan, futbolari bezala saiatu naiz ezaugarri horiek batzen eta nire ondoan zeuden taldekideei helarazten. Zaletuei helarazi nahi diet hori ongien egiten saiatu naizela eta etorkizunean egongo da jendea prestatua egongo dena Osasunaren balorean harrotasunez eramateko eta ondorengoei erakusteko», azaldu du.

«Zaletuak beti izan dira ezinbesteko pieza, beren babesa jaso dut beti eta beraiei esker ona» helarazi nahi izan die. Azken asteetan jaso dituen babes eta maitasun mezuekin oso eskertuta dagoela ere jakinarazi du.