INFO

De la Navak eta Athleticek adostasunez desegin dute 2024. urtean bukatzen zen hitzarmena

Andrea de la Navak ez du Athleticen jarraituko, 2024. urtera arte kontratua zeukan arren. Bi aldeek adostasunez hartu dute erabakia eta azken denboraldia Eibarren utzita jokatu duen Amaia Peña Lezamara itzuliko dela iragarri du klubak. Hala, Quiñones eta Peña izango dira Iraia Iturregiren atezainak.

Andrea de la Nava Lezamako partida batean, iazko denboraldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Amaitu berri den denboraldian, Iraia Iturregi hiru atezainekin topatu zen eta minutuak eman asmoz, Amaia Peñak Eibarren jokatu du utzita. Ostiral honetan klubak iragarri du, Portugaletekoa hurrengo urtean lehen taldearen parte izango dela eta Andrea de la Navak ez duela jarraituko. Adostasunez harturiko erabakia izan dela adierazi dute, Barakaldokoaren hitzarmena 2024. urteko ekainean iraungitzen baitzen.

Hala, hurrengo denboraldian, Quiñonesekin atea defendatzen Amaia Peña ariko da. Harrobian aritutakoa da eta Pittsburgheko (AEB) Pitt Panthers taldean lau urte egin zituen unibertsitate-karrera ikasten ari zela. 2020. urtean itzuli zen klubera eta iazko udan utzita joan zen Eibarrera. Talde armaginean ez du nahi beste jokatu, soilik sei partida urria eta otsaila artean. Alegia, otsailaren hasieratik minuturik jokatu gabe egon dela.

Peña legez, Andrea de la Nava ere Pauldarrak taldean hasi zen eta EDF Logroñorekin Lehen Mailan egin zuen denboraldi txukunaren ondotik (orotara, lau urtez jokatu zuen talde errioxarrean), Athleticera iritsi zen 2019an. Tirapu erretiratzean, Athleticeko atearen defentsa berea izango zela zirudien baina Mariasun Quiñonesen fitxaketarekin ez du apenas minuturik izan etorkizun opartoa daukan atezainak. Aurten lau partida soilik jokatu ditu 2020-2021. denboraldian 27 norgehiagokatan lehiatu zen atezainak.

Athleticek «eskerrak eman nahi dizkio» atezain barakaldarrari «hiru denboraldi hauetan erakutsitako dedikazioagatik eta profesionaltasunagatik, eta aurrerantzean zorterik onena opa nahi diogu bere ibilbide pertsonal eta profesionalean»

Mikel Crespok Alavesen jarraituko du

Bestalde, Alavesen entrenatzaile izaten jarraituko du Mikel Crespok. Historian lehen aldiz lehiatu da talde babazorroa Lehen Mailan eta espero baino maila hobea eman ondoren, ondo merezita irabazi du berritzea entrenatzaile gasteiztarrak.

2018-2019. denboraldian iritsi zen Alavesera analista moduan eta 2020. urtean hartu zuen teknikari kargua. Ordutik, taldearen unerik gozoenak iritsi dira: Lehen Mailarako igoera eta elitean onenen artean txukuntasunez lehiatzea. Alaveseko entrenatzaile moduan, hirugarren denboraldia hasiko du irailetik aurrera.