INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Afrikako zazpi laguni euskal herritartasuna eman die Ehun-ek eta Baionara iristen lagundu

Afrikatik iritsitako zazpi laguni euskal herritartasuna eman die Ehun mugimenduak eta Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrirako bidea egiten lagundu, egingo dituzten burujabetza ekimenen lehenbizikoan.

Afrikatik iritsitako zazpi laguni euskal herritartasuna eman die Ehun mugimenduak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Irungo Ficoban zegoen hitzordua jarria, eguerdian. Bertan azaldu dira 150 bat lagun, mozorrotuta. «Burujabetza ekintza bat» zuten iragarria, xehetasun gehiagorik eman gabe. Eta modu horretan igaro da Irundik Baionako Pausa lekurainoko bidea.

Begi bistan, 150 bat lagun, mozorro koloretsuz josiak. Eta gerora azaldu dutenez, haien artean, Afrikatik iritsitako zazpi. «Mozorrotuta pasa ditugu Hendaiara. Euskal herritartasuna eman diegu Afrikatik iritsitako zazpi laguni», azaldu dio NAIZ Unai Apaolazak, euskal errepublikaren aldeko egitasmoaren kideak.

«Lapurtutako burujabetza praktikan jartzen saiatuko gara, modu alai batean, modu parte-hartzailean», azaldu zuen Apaolazak aurreko ostegunean. Eta gaur berretsi egin du. «Burujabetzak lapurtu dizkigute, esparru askotan. Eskubide horiek eskatzen ibiltzeak ez du biderik egiten. Horrek ez du funtzionatzen. Beraz, modu naturalean burujabetza horiek praktikara eramatea erabaki dugu», gehitu du.

Lapurtutako burujabetza horien artean kokatu du pertsona bati herritartasuna ematearena eta libre mugitzearena eta hortik hasi dira. «Espainiak eta Frantziak inposatutako frontera muga arrazista zela jarri genuen agerian duela gutxi egindako ekintza baten bidez. Frantziak erabaki du Afrikatik datozen lagunak ezin direla pasatu Gipuzkoatik eta Nafarroatik Lapurdira, Behe Nafarroara eta Zuberoara», adierazi du Ehun mugimenduak ohar baten bidez. Era berean, gogora ekarri dute muga horrek «heriotzera eraman dituela» hainbat lagun.

Gaurkoa lehenbizikoa izan da, baina ez da azkena izango. Hurrengo ekintza hilabete barru, uztailaren 4erako, aurreikusi dute, nahiz eta oraindik ez duten honen inguruko xehetasun gehiagorik eman.