INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Zazpi gazteren aurkako epaiketa salatu du Ernaik deitutako manifestazioak Bilbon

'Ez gaituzue geldituko' lelopean, pasa den urteko maiatzean Bilbon atxilotu zituzten zazpi gazteei babesa adierazi duen manifestazioa izan da Bilbon. Era berea, gazteentzat bizitza duinak aldarrikatuko ditu Ernaik.

Ernairen manifestazioa Bilbon. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ernai gazte antolakundearen manifestazioa Bilboko Eliptika plazatik abiatu da, 'Ez gaituzue geldituko' lelopean. Gazteontzako «bizitza duinak borrokatzea delitua ez dela» aldarrikatu eta 7 auziperatuei babesa adierazi nahi du Ernaik martxa honekin.

Milaka pertsonak hartu dute parte 17.30etan hasi eta Bilboko Kale Nagusitik ibili den martxan. Ibilbidean zehar polizia ugari egon da, eta BBVAren sukurtsalaren parean, Kale Nagusian, neska gazte bat identifikatu du Ertzaintzak kartelak jartzeko.

Plaza Biribilera iritsita, manifestariak Buenos Aires kaletik jaitsi dira. Colon de Larrategui kalearen izkinan, Albia lorategietara eta, beraz, Sabin Etxera sartzen den tokian, Ertzaintzako hainbat furgoik bidea ixten zuten, ibilaldia ibilbidetik desbideratzea saihesteko.

Arazorik gabe baina lehengo euri tantekin heldu da gazte multzoa Arriga Plazara non Ernaiko kideek komunikatu bat irakurri dute. «Ez gaituzue geldituko. Argi eta garbi utzi dugu gaur, argi utzi diegu gure egoeraren erantzule diren arduradun politiko zein borradun matoi mozorratuei», adierazi dute.

'Larrialdi egoeran gaude' manifestazioarekin kalera irten zirenetik eta urtebete, gazte antolakundeak uste du gazteen egoera ez dela hobetu: «Gazteon bizitzen prekarizazio prozesua ez da eten, azkartzen jarraitzen du, okerrera doa, eta gazteok gainezka gaude. Emantzipatzeko ezintasuna, lan kontratu prekarioak (enplegurik izatekotan), hezkuntzaren pribatizazioa eta prozesuen prekarizazioa edota harremantzeko espazioen ukazioa... Horri guztiari gazteon osasun mentalaren kaskartzea eta horren gaineko baliabide falta gehitu behar zaio. Espektatiba ezak zein bizitza duinak garatzeko ezintasunak ondorio lazgarriak eragiten ari dira gazteon artean».

Ertzaintzak neska bat identifikatu du BBVAren sukurtsalaren parean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gainera, salatu dute arduradun politikoak ez direla «gai izan gazteok zein gizarte osoak bizitzen dituen arazoei aurre egiteko», ezta «herri eta langile sektoreen interesen alde lan egiteko» ere, «kapitalaren interesak erdigunean» jarri dituztelako.

«Bakarturik nahi gaituen sistemaren aurrean, elite politiko eta ekonomikoen aurrean, estatu zapaltzaileen aurrean... antolatu gaitezen. Elkarrekin, indartsuagoak baikara.», aldarrikatu dute.

«Epaiketa muntai polizial baten ondorio da»

2021eko maiatzaren 7an, Ernairen ‘Larrialdi egoeran gaude’ gazteen «bizi baldintza penagarriak eta prekarizazio egoera» salatzeko mobilizazioan zazpi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak Bilbon eta beste bat Gasteizen. Gainera, 60 baino gehiago zauritu egon ziren eta Bizkaiko hiriburuan atxilotuetako bi kide ospitalera eraman behar izan zituzten.

Ekainaren 15ean Bilboko 7 atxilotuak epaituko dituzte «muntai polizial bat oinarri», Ernaik salatu duenez. Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete eta guztira 20.000 euro baino gehiagoko isun eta kalte ordainei aurre egin beharko diete, «autoritatearen aurkako atentatua» eta lesio delituak egotzita.

«7 gazteek bizitza duinen alde borrokatzeagatik epaituak izango dira. Borrokatzea zilegi da eta ez dugu uste epaiketa aurrera jarraitu beharko lukeenik. Epaiketa muntai polizial baten ondorio da, argi ikusi genuen», adierazi du Ane Alava Ernaiko bozeramaileak manifestazioa hasi baino lehen. Era berean, borrokan jarraituko dutela utzi du argi: «Gure auzoak eta Euskal Herria eraldatzen jarraituko dugu».

Modu berean, Oihana Guenaga LABeko PCB-ITPko ordezkariak enpresako langileen izenean elkartasunezko komunikatu bat irakurri zuen. «Argi dago zein den Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren estrategia: bizi baldintza duinen alde egiten duten mugimendu sozialen aurkako estrategia bat dute!», kritikatu zuen PCB-ITPko langileak. «Zuek gazteak eredu zarete gizarte guztiarentzat», gehitu zuen.

Azken asteotan, hainbat kolektibok babesa adierazi diete auzipetuei: LAB sindikatuak, Gaur Geroako pentsiodunek, EHko Eskubide Sozialen Kartak, Eraginek, Zapustuk, ITP eta Alconzako langileek... Elkartasuna Euskal Herritik kanpo ere iritsi da, kasu honetan Arran edo Darreu bezalako erakundeetatik.

Elkartasunezko ekarpenak jasotzeko, Ernaik kontu korronte zenbaki bat zabaldu du herritarrek haien ekarpena egiteko. Jasotako dirua epaiketen gastuetarako eta isun eta kalte ordainei aurre egiteko baliatuko da, jakinarazi du aste honetan gazte antolakundeak.