INFO

Lysa Tchaptchet eta Nerea Pena nafarren Vipers Kristiansandek irabazi du Txapeldunen Liga

Lysa Tchaptchet atarrabiarra Txapeldunen Ligako txapeldun izendatu da bere talde Vipers Kristiansandek Gyor –Ambros Martin entrenatzailearekin– mendean hartu ostean. Lehia oso estua bizi izan da Budapesten jokatu den finalean. Adriana Cardosoren Metz, bestalde, hirugarren geratu da.

Lysa Tchaptchet, erasoan, baloia heldu nahian. (Attila KISBENEDEK | AFP)

Asteburu honetan Budapesten jokatu da EHF Champions League txapelketako final four-a eta euskaldunek sekulako arrakasta pilatu dute. Lysa Tchaptchet eta Nerea Pena nafarrek Txapeldunen Ligako garaikurra altxatu dute finalean Vipers Kristiansand talde norvegiarrak Gyor hungariarra mendean hartu ostean (31-33).

Oso lehia estua izan da, espero zitekeen modukoa. Gyor talde hungariarra Europako indartsuenetakoa da. Bost Txapeldunen Liga ditu erdietsita –azkena, duela hiru urte– eta Ambros Martin bilbotarra da bertako entrenatzailea, iaz talde hungariarrean bere bigarren etapa hasita. 

Vipers-ek, bestalde, iaz zerua ukitu zuen bere lehendabiziko Txapeldunen Liga irabaziz eta aurten, bere nagusitasuna berretsi du. Bertan jokatzen dute Lysa Tchaptchet atarrabiarrak eta Nerea Pena iruindarra eta estreinakoz irabazi dute Europako txapelketa handiena.

Parekatua izan da lehia uneoro, erritmo handikoa. Hasieran hobeto aritu da talde hungariarra eta horren erakusle da eskuratu duen hiru goleko aldea (10-7 13. minutuan). 0-6ko partziala lortu du orduan talde norvegiarrak (Gullden, Knedlikova, Jerbakova eta Andersenen golekin) eta behin markagailua irauli duenean, une oro joan da irabazten.

Estutu du Ambros Martinen taldeak –16na berdintzera iritsi dira bigarren zatiaren hasieran– baina beste partzial on bati esker (1-5), garaipenaren bidea marraztu du Vipers Kristiansand taldeak. Lysa Tchatpchetek hiru gol eginda bukatu du partida. Nerea Penak, lesio larri baten ondorioz, harmailetatik ikusi behar izan du partida. 

Final handia harmailetatik ikusi duen bestea Adriana Cardoso brasildarra izan da. Bera Berako jokalari ohia presente egon da Final Fourrean Metz taldearekin eta hirugarren postua erdietsi du –brontzezko domina, alegia– Esbjerg talde norvegiarra mendean hartu ostean (26-32). Finalerdietan, Vipers taldearen aurka galdu zuen.