INFO

Glovoko Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako langileen babesgabetasuna salatu du LABek

Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako Glovoko langileak babesik gabe daudela salatu du LABek. Lan Ikuskaritzari abisua eman badiote ere, ez dutela neurrik hartu gaineratu du sindikatuak. Oporrak eta prestazioak jasotzeko arazoak dituztela nabarmendu du.

Glovoko langile bat Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

«Glovoren ausarkeria eta Lan Ikuskaritzak funtzioak uztea egoera dramatikoak sortzen ari dira», salatu du LABek. «Hamarnaka epaiketa ebatzi dira zentzu berean, eta berez, riderren eta enpresarn lan-harremanari dagokionez zalantzarik ez dagoela ondoriozta dezakegu», gaineratu du sindikatu honek.

«Gainera, Auzitegi Gorenak birritan erabaki du jarraitu beharreko doktrina argi eta garbi ezartzea, eta, joan den astean ezaguru genuen bezala, Glovok erabaki du helegiterik ez jartzea EAEko Auzitegi Nagusiak Bizkaiko kasuei buruz emandako epaiari helegiterik ez jartzea», azaldu du LABek.

Bien bitartean, Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako ehunka Glovoko langile muturrera egoerara eramaten ari dira, LABen arabera, «erabateko babesgabetasun-egoera pairatzen jarraitzen dute». Azaldu dutenez, nominen ordez fakturak jasotzen jarraitzen dute, oporretarako eskubiderik gabe jarraitzen dute, amatasun/aitatasun edo aldi baterako prestazioak jasotzeko aukerarik gabe, soldata ziurrik edo lanaldi-portzentaje jakin bat gabe. «Beste era batera esanda, badaude istripu bat edo seme edo alaba bat izateagatik premia gorriko egoeran dauden langileak dira», salatu du LABek.

«Alde batetik bere bereizgarri diren iruzurrezko jokabideekin jarraitzen du enpresak, legearen aurka ari dela jakitun. Bestalde, Lan Ikuskaritzak, nahiz eta LABek behin eta berriz esan langile horiek bertan behera ez uzteko, erabat baztertu ditu bere garaian hasitako espedienteak. Enpresak kotizaziorik ez egiteak kalteak eragin ditu, askotam atzeraezinak, gaur egun enpresa eta lan-ikuskaritza dira honen erantzule zuzenak», esan du LABek.

Epe laburrean neurririk hartzen ez bada, bide juridikoak aztertuko dituela aurreratu du LABek.