INFO

Maximo Sainz, Ezkabako ihesean hil zuten preso gazteenaren gorpuzkiak itzuli dizkiete senideei

Maximo Sainz Plaza Ezkabako ihesaren ondoren hil zituzten 206 presoetako gazteenaren gorpuzkiak bere senideei itzuli dizkie Nafarroako Gobernuak. 

Maximo Sainzen senideak, haren gorpuzkiekin. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Nafarroako Gobernuak Maximo Sainz Plazaren gorpuzkiak eman dizkie haren senideei astearte honetan Nafarroako Jauregian egin den ekitaldian. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Martin Zabalza Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubiden zuzendari nagusia, Nafarroako Memoriaren Institutuko ordezkariak, memoria elkarteetako kideak, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Nasertic laborategiko ordezkariak izan dira bertan.

Maximo Sainz Ezkabako ihesaren ondoren hil zituzten 206 lagunetatik gazteena zen. Ihesa 1938ko maiatzaren 22an hasi zen eta Sainzek maiatzaren 26an bete zituen 18 urte. Egun horretan bertan atxilotu zuten Olaben, eta hurrengo egunean fusilatu zuten, beste hamabost presorekin batera. Sainzez gain, talde horretatik Mendabiako Francisco Lecea bakarrik identifikatu ahal izan dute.

Desojokoa zen sortzez eta Gasteizen egiten zuen lan ikazkin gisa. Han atxilotu zuten 1936ko irailean, 16 urte besterik ez zituela. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten militante anarkista zelako eta Ezkabako gotorlekura eraman zuten zigorra betetzera.

Sainzen gorpua 2016ko urtarrilaren amaieran eta otsailaren hasieran atera zuten Olabeko hobitik, San Kristobal gotorlekutik, eta Foru Gobernuaren DNA Bankuak identifikatu zuen. Orain senideei itzuli dizkiete.

Olabekoa Ezkabako ihesarekin zerikusia dutenen artean desobiratu duten handiena da. Memoria Historikoko Leku gisa izendatuta dago.