INFO

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte hitzarmen duin baten alde

Bizkaiko metalgintzako sindikatu guztiek hiru greba egun iragarri dituzte sektorean ekainaren 23 eta 30erako eta uztailaren 1erako, hitzarmena «hobekuntza nabarmenekin» berritzea eskatzeko.

Bizkaiko metalgintzako langileen prentsaurrekoa greba egunak jakinarazteko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko metalgintza sektoreko zortzi sindikatuetako ordezkariek (ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, USO, CGT eta CNT) prentsaurrekoa eskaini dute asteazken honetan Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioaren (FVEM) egoitzaren kanpoaldean, Bilbon, hitzarmenaren negoziazioan presio neurri gisa deitu dituzten mobilizazio berriak jakinarazteko.

Zehazki, hiru greba egun deitu dituzte sektorean ekainaren 23 eta 30erako eta uztailaren 1erako. Beraien helburua hitzarmena «hobekuntza nabarmenekin» berritzea eskatzea da. Gainera, ekainaren 13an manifestazioa egingo dute Barakaldoko BECen, Makina-Erremintaren Biurtekoarekin bat eginez.

Sindikatuek salatu dutenez, maiatzaren 26an egin zen azken negoziazio bilera, eta patronalak ezetz erantzun zion sindikatuek elkarrekin planteatutako 17 puntuetako bakoitzari.

«FVEMek mespretxatu egin zuen Bizkaiko metalgintzako langile klasea. Bilera horretan, sindikatuek FVEMi adierazi genion beste proposamenik izanez gero bilera batera deitu behar gintuela. Ez dugu haien berririk izan», gaineratu dute.

Sektorean mobilizazio eta sozializazio dinamika duela aste batzuk hasi zen. Lantokietan mozioak jasotzen ari dira, eta Bizkaiko metalgintzako enpresei zuzendutako idazkiak erregistratzen, enpresak interpelatuz, «FVEMekin harremanetan jar daitezen negoziazioa desblokeatu dadin».

Izan ere, joan den ostiralean, ekainaren 3an, sindikatuetako militanteek hainbat elkarretaratzetan parte hartu zuten patronalaren batzorde exekutiboko kide diren enpresa batzuen aurrean (Tecuni, ITP Aero, Arteche, Astilleros Murueta, Sidenor, Eldu edo Ormazabal). Enpresa horiek FVEMen parte hartzen dute eta «blokeoaren erantzule» direla salatu zuten.

«Bizkaiko metalgintzako enpresek oso urte ona izan zuten 2021ean emaitzei dagokienez. 2022 hau ere oparoa izango da. Sektorean lan karga handia dago. Hala ere, patronalak negoziazio mahaian eskaintzen diguna eros ahalmena galtzea da, eta ez du jakin nahi sindikatuek proposatutako beste hobekuntza batzuen berri. FVEMen jarrera arduragabe horren aurrean, gurena denaren alde borrokatzeko garaia dela uste dugu. Bada garaia sortzen den aberastasunaren banaketa justua eskatzeko. Bizkaiko metalgintza grebara joateko ordua da», adierazi dute sindikatuek.