Erromoko Nagusien Etxearen bazkideek ez dute eraikina utziko Udalaren agindua gorabehera
Getxoko Udalak Erromoko Nagusien Etxea ekainaren 24an baino lehenago «utzarazteko agindua» eman zuen joan den maiatzaren 25ean. Elkartearen presidenteak jakinarazi du ez dutela eraikina utziko eta ekainaren 22rako manifestazio bat deitu dute eraistearen aurka.
Getxoko Udalak Erromo auzoko Ibar Nagusien Etxea hustuko du ekainaren 24an. Elkartearen bazkideek eta boluntarioek salatzen dute Udalak kalitatezko aukerarik ez diela eskaini eta jakinarazi dute «eutsiko» dutela, auzoko «eraikin historiko» bat utzi gabe. Horretarako, manifestazio bat deitu dute ekainaren 22rako, Udalak emandako epearen azken eguna baino bi egun lehenago.
Joan den maiatzaren 25ean, Getxoko EH Bilduk salatu zuen Erromoko Nagusien Etxea «utzarazteko agindua» eman zuela Udalak ekainaren 24a baino lehen. EAJk eta PSEk osatzen duten gehiengoak hala onartu zuen, gainerako alderdi guztiak kontran agertu diren arren. Udalak Lope de Vega kalean dagoen eraikina bota egin nahi du eta bertan «belaunaldi arteko zentro» bat eraiki, egoitza bat eta gazterentzako pisuak edukiko dituena, Bizkaiko Aldundiarekin batera eta Europako NextGenerationEU funtsekin finantzatua.
Bere aldetik, nagusiek ez dute bertatik mugitu nahi, eta Udalak proposatutako toki berrian ez dagoela hainbeste lekurik argudiatzen dute. Zehazki, Romoko Kultur Etxearen (RKE) hirugarren pisua, 300 m² dauzkana, eskaini diete, oraingo Nagusien Etxearen 1.500 m² aurrean. «Fisikoki ez gara hirugarren solairuan sartzen. Egiten ditugun jarduerak ezin dira espazio berriarekin bateratu», azaldu dio Paco Rama elkartearen presidenteak NAIZi.
Besteak beste, Ibar Nagusien Etxeak pintura ikastaroak, gimnasia, euskara eskolak, bingoa edo aretoko dantzak antolatzen ditu astero. Guztira, 300 bat pertsona pasatzen dira egunero Erromoko Nagusien Etxetik eta 6.000 bazkide baino gehiago ditu elkarteak.
Gainera, Ramak nabarmendu du Erromoko eraikin «historikoa» dela orain erabiltzen dutena, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak abalatua, eta bere sozializazio lana eta nagusiek daukaten espaziorekiko kide izatearen sentimendua nabarmendu ditu.
«Udalak ez entzun egiten du»
Dena den, Ramak azaldu du «Udalak ez entzun egiten diola» haien aldarrikapenari. Joan den maiatzaren 8an, herri galdeketa bat egin zuten auzoan eta hautetsontzietatik pasatu ziren 1.500 pertsonetatik, %98ak eraistearen aurka bozkatu zuen. Gainera, duela hilabete batzuk, 4.000 sinadura ere aurkeztu zituzten eraikina mantentzearen alde.
Duela lau urte, 2018an, nagusiak utzaraztenaren aurka itxi ziren, Udalak RKEra elkartea mugitzeko lehen pausoak eman zituenean. Presidenteak baieztatu duenez, momentuz ez dute halako erabakirik hartu, baina hurrengo orduetan bazkideen bilera bat daukate eta han eztabaidatuko dute «zer egin beharko dugun».
Momentuz, ekainaren 22rako manifestazio bat deitu dute «eraikina bizirik dagoela» aldarrikatzeko. «Ez gara joango. Udalak hilaren 24an egingo duena beraiek erabaki beharko dute», azaldu du Ramak, eta adierazi du dagoeneko jarduera guztiak planifikatzen ari direla, eraikin berean, datorren ikasturterako. Elkarteak Getxoko EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien babesa du.