INFO

Deliberazioaren olatua eta identitateen ajeak


Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak, OECD delakoak, parte-hartze politikoa bultzatzeko ildo bat martxan dauka. Demokrazia lau urtean behin bozkatzea baino zerbait gehiago dela, izan behar duela, diotenei erantzun nahi diete horrekin. Herritarren asanbladak dira joera honen eredutzat jotzen diren formatuak. Adibide gisa, Kanadako Teknologia Berriei Buruzko Herritarren Asanblada eta Estatu frantziarreko Klima Aldaketaren Inguruko Herritarren Asanblada aipatzen dira. 2010. urtetik hona joera hau indartzen joan da. Horregatik, «deliberazioaren olatua» bizi dugula diote. Gehiegitxo, edonondik begiratuta ere.

Deliberaziotzat hartzeko, prozesuak zenbait baldintza bete behar ditu. Kideak ausaz hautatzen dira, lagin gisa, erreferentzia-komunitatearen ordezkari gisa jardun ahal izateko. Deliberazioak parte-hartze zuzena eta eztabaidari denbora minimo bat eskaintzea exijitzen du. Gainera, erakundeek prozesua gainbegiratu behar dute eta gomendioei erantzunen bat eman behar diete.

Nazioarteko erakunde horren arabera, 1979. eta 2021. urteen artean Japonia izan da ekimen gehien egin duen herrialdea. Alde handiz, gainera: 167 deliberazio-ekimen egin ziren han. Horren atzetik, dezente atzerago, Alemania (64), Australia (56) eta Kanada (44) datoz. OECDren batez bestekoa 23 ekimenekoa da. Frantziar Estatua eta espainiar Estatua horren azpitik daude, 19 eta 10 ekimenekin, hurrenez hurren. Gutxien deliberatu dutenen artean datu harrigarriak daude: Estonia, Italia, Mexiko, Norvegia eta Portugalen behin bakarrik egin dute prozesu deliberatibo bat. Ondorioz, demokraziaren adierazgarri gisa uler daiteke, baina baldintza askorekin.

Ekimen horien guztien %65 udal mailan gauzatu dira; %21, eskualde mailan; eta %12, maila federal edo estatalean. Alegia, erakundeen botere mailan gora egitearekin batera joera apaltzen doa, nabarmen. Landu diren auziak ugariak dira: hirigintza –nagusiki–, ingurugiroa, osasuna, hauteskunde-erreforma, genero-berdintasuna eta auzi konstituzionalak dira jorratu diren gaietako batzuk. Ekimenen bi herenetan gomendioak onartu dira eta aurrera atera dira, maila desberdinean bada ere. Metodoetan ere aniztasuna dago. Emaitzak lortzeko inkestak, lan akademikoak, adituen txostenak… erabili dira.

Orokorrean, ildo hau demokrazia bultzatzeko modu bat da, baina baita demokrazia kontrolpean jartzeko formula bat ere. Kultura demokratikoaren garapenerako osasungarria izan daitekeen arren, erabaki daitekeenari muga handiak jartzen zaizkio eta, demokrazia formala aberastuz, sistema legitimatu egiten da. Lau urtetik behin baino maizago, baina gauza gutxi erabaki daitezke.

Alde horretatik, botere-harremanak aldatzeko muga handiak ditu eta demokrazia identitate kontu huts gisa ulertzeko joera indartu dezake. Hau ondo ezagutzen dugu Euskal Herrian: «Gu, demokratak». Egia esan, ideia handi guztiekin gerta daiteke hori, aldaketarako aukerak esparru materialetik esparru sinbolikora igarotzen direnean, oso azaleko mailan, gainera. Alde positiboan, deliberazioak gero kontuak emateko balio dezake. Demagun, herri ekimen batean –kanpaina bat, enpresa bat…– helburuak horrelako prozesu baten bidez hautatzen direla. Adibidez, finantzaketa lortuko den ekimen batean dirua zertarako erabiliko den erabaki daiteke. Demokraziaren aurka daudenek, jakina, ez dute hori onartuko. •