INFO

Hogei urteko ibilbidea ospatzeko topagunea abiatu du Bilgune Feministak Oñatin

'Eztandak dardara gaitzala' lemapean abiatu da Oñatin larunbata goiz honetan Bilgune Feministak bere hogei urteak ospatzeko antolatu duen topagunea. Bi hamarkada hauetan asko izan dira lorpenak, baina asko dago egiteko Burujabetza Feminista erdiesteko bidean.

Bilgune Feministak topagunea antolatu du asteburu honetan Oñatin. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Duela hogei urte ereindako haziek fruituak eman dituzte. Jakintza dago, gogoa eta grina. Gaitasuna, borrokarako gosea. Gauzak aldatu daitezkeela eta aldatu behar direla ikustea, eta horren alde ekitea. Nekaezin. Erreleboa dago. Belaunaldi berriek jaso dute aurrekoen lekukoa. Orduan gaztainak ziren ileak, gaur grisak dira. Pozarren begiratzen dituzte gazteak, haien iniziatiba. Haietatik ikasiaz, begirada berriak erantsiaz. Gehituz, kolektiboa aberastuz, osatuz.

Larunbata goiz honetan Oñatin horiek denak nahastu dira. Hastapeneko emakumeak*, gaurko kideak. Norabide berean arraunean alboan begiratzen diote etorkizunari. Komunitatea dago. Bilgune Feministak asteburuan zehar ospatuko ditu bere hogei urteak topagune batekin. 'Eztandak dardara gaitzala' lemapean, goizean abiatu dute bi eguneko programa.

Tailer, hitzaldi, kontzertu eta emakume artisauen azokarekin osatuko den egitaraua, besteak beste, eguerdian zabaldu da. Ez da izan mahai inguru bat, ezta hitzaldi bat. Asmo adierazte bat, etorkizunera begira dauden erronkak, gaur egun ditugun arriskuak eta mehatxuak, aipatu dituzte. Mugarriez ere mintzatu dira ehundaka lagunen aurrean. Begibistan gelditu da: asko lortu da, baina asko dago egiteko.

Lanerako gogoa ez dute falta, ametsak, nahiak eta desioak azaleratu dira, etorkizuna nola ikusi nahiko luketen, zeren aurka borrokatu behar garen eta zeren alde lan egin behar den. Paradigma aldaketa, ezinbestean.

Helburua Burujabetza Feminista da. Letra larriz. Egindako bidean maldak egon dira, baina emandako pausu bakoitza, egin den ibilbidea, «praktika feministatik» eman dela azpimarratu dute. Ez beste leku batetik. «Gure jarduna egokitu eta elkarrekin boteretzearen bitartez eraiki dugu. Ibilian ikasi dugu gure errealitatea hainbat zapalkuntzen elkargunetik irakurtzen (…). Anitzak gara, bere osotasunean».

Bizitzak erdigunean

Txalo zaparrada artean abiatu da mintzaldi ibiltaria. Manifestuaren irakurketa elkarbanatua izan da; publikoaren artetik zutitu dira testua irakurri duten kideak: Ane Etxabe, Maddi Lasa, Naia Torrealdai, Leire Ibarguren, Uxune Iriondo eta Jone Arrazola. Pixkanaka igo dira oholtzara, denak batu diren arte.

Edukia mamitsua izan da, soseguz entzun eta hausnartzekoa. Horretarako parada izango dute iganderarte luzatuko diren topagunean. Feminismoan antolatzen segitu eta kolektiboki borrokan jarraitzearen garrantzia goraipatu dute, bakoitzak bere esperientziatik hitz eginez batu eta auzi komunak eraikitzeko.

Mintzaldia ibiltaria izan da, eta konpartitua.

Hain zuzen, adierazi dutenez, mugimendu feministaren ikaspenetatik eta borroketatik lortu daiteke burujabetza feministaren palanka. «Argi dugu burujabetza ez dela bulegoetan adosten, estatuetatik baino eguneroko bizitza arruntetik abiatzen dela. Egunez egun bizitzak erdigunean jarri behar ditugu, bai gure gorputzen gaineko erabakietan, bai denbora eta lanen banaketan», esan dute.

Osasun krisia baino, covid-19ak lehertuarazi duena sistema bera izan dela, biluzik utzi ditu bere akats, gabezia, erren guztiak. Adibidez, «ezkutuan konpontzen ziren zaintza lanak». «Zaintzaren potentzialidade politikoa erdigunean jarri nahi dugu, zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu. Hau da –erantsi dute–, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaini eta jasotzeko eskubidearen alde».

Zaintza erregimena patriarkala da, horretaz ez dago zalantzarik. Baina «koloniala» ere badela ohartarazi du gaur Bilgune Feministak. «Interpelatu gaituzte. Kide feminista migratu eta arrazializatuek ispilu aurrean jarri digute erreparau ez duguna». Dudarik gabe, ikuspegi dekolonialak «galderaeta erronka berriak« jartzen ditu mahai gainean.

«Zein da arrazakeriaren aurkako borrokan egin behar dugun ekarpena, eta zer da emakume* euskaldun txurioi ez dagokigun papera?», galdegin dute, besteak beste.

Euskal Herriko mugimendu antiarrazista eta euskaldun bat artikulatzea dagokigu, esan dute, eta pribilejioez hitz egin behar dela, «baina eskubideez ere».

Markoak apurtzen

Zapalkuntzez ere mintzatu dire kideak. «Gure gorputzetan haragitzen dira», ohartarazi dute, eta gure buruarekiko eta besteekiko harremanak baldintzatzen dituzte «gure bizi esperientzia markatuz» eta zauriak utziz. Horri aurre egiteko, kolektiboki hori zaindu eta osatzeko tresnak asmatzera deitu dute. Ariketa «politikoa da, eta ez da erronka makala».

Markoak apurtzen badabil Bilgune Feminista. «Ahaldundu zaitez, izan zaitez zu. Baina ez lodiegi, ezta argalegi. Ez femeninoegi eta kontuz, ez izan mari matxoa. Izan feminista, berdintasunaren aldekoa eta ekintzailea, baina irrifar batekin eta histeria gabe», salatu dute ironiaz.

Autodefentsa feminista, antolakuntza, justizia feministaren oinarriak adostu eta kolektibotasuna aipatu dituzte, besteak beste, etorkizunera begira. Gaur den etorkizuna. «Burujabetza Feminista gure bizitzaren eta herriaren gainean erabakitzeko gaitasunen zein askatasun esparruen berreskurapen proiektu gisa» ulertuta. Are gehiago, esan dutenez: bizitzak eusteko ardura kolektiboa eraikitzeko apustua da honakoa.

Bilgune Feministarentzat «guztientzat askatzailea den feminismoa artikulatzea da» azken helburua. «Euskal Herrian burujabetza feminista eraikitzeko feministok kalean kontra-boterea artikulatzearekin batera, boterearen jabe izan behar dugu. Boterea hartzea gaitasun politikoa eta intzidentzia irabaztea dela ulertzen dugu, mapa politikoa baldintzatu ahal izateko, hartzen ari diren erabaki eta neurrietan eragiteko eta aldaketa sozialaren oinarriak markatu ahal izateko».