INFO

1936ko gudarien konpromisoa ohoratu du Urkulluk Burdin Hesiaren apurketaren urtemugan

Burdin Hesiaren apurketaren 85. urteurrena oroitu dute Gamiz-Fikan, non 2019. urtean aurkitutako gudulari baten gorpuzkiak hilobiratuak izan diren. Herrialdearen alde bizitza eman zutenak ohoratu ditu Urkulluk ekitaldian.

Burdin Hesiaren erorketaren 85. urteurrena eta gudulari baten gorpuzkien emate ekitaldia Gamiz-Fikan. (IREKIA)

85 urte bete dira 1936ko gerran, Bilbo inguruko Burdin Hesia erori zenetik. 1937. urteko ekainean izan zen, tropa faxisten erasoaldi gogor baten ostean. Gertakariok oroitzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Gamiz Fikako Udalak Gogora Institutuaren laguntzarekin.

Horien artean, igande goiz honetan ekitaldi nagusietako bat herriko hilerrian izan da. Bertan, monolitoa inauguratu dute, eta herrian bertan lurperatu dute Elortatxu inguruan 2019. urtean aurkitu eta identifikatu ezin izan diren borrokalariaren gorpuzkiak.

Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria izan da Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako saliburuarekin batera.

1936ko gudaren inguruko gertakarien harira, «askatasunaren alde borrokatu zen belaunaldi oso baten konpromisoa» azpimarratu du Urkulluk, baita hamarkadetan zehar faltsutu eta manipulatutako egia berrezartzeko betebehar instituzional, social, politiko eta etikoa defendatu ere.

«Gure mendietan erori ziren, lubakietan, gure herri eta hirien defentsan. Beren bizitza eman zuten, bere ondasun preziatuena. Milaka eta milaka demokratek zuten konpromisoa kartzelarekin, errepresioarekin eta erbestearekin ordaindu zuten», hausnartu du lehendakariak.

«Harro egOteko arrazoia»

Erantsi duenez, belaunaldi oso batek erakustitako konpromiso hura «guztiontzako harro egoteko arrazoia» da. «Izan ziren, izan ginen, militarki garaituak» baina «irabazi zuten, irabazi genuen, batailarik garrantzitsuena: duintasunaren, justiziaren, arrazoiaren eta balioena», eta horregatik Gobernuak «bere memoria eta bere printzipioen garaipena» ohoratu ditu, adierazi du.

Gamiz- Fikako udal hilerriko nitxo batean hobiratutako borrokalari baten gorpuzkiez gain, beste bi gudariren gorpuzkiak aurkitu ziren, baina DNA bankuan biltegiratutako laginekin alderatzean zehaztu gabeko odolkidetasun-maila erakutsi du azterketak.

Egindako ikerketaren arabera, pertsona horiek ez ziren Gamiz-Fika inguruan hil, eta, beraz, ikerketa handiago bat egin beharko da, identifikazioa egiteko.

Informazio historikoaren arabera, hiru pertsona horiek 1937ko ekainaren 11 inguruan izandako borroketan hil ziren. Bilbo erori aurreko egun horietan, Zabalbide batailoiak (Izquierda Republicana) ingurua defendatzen zuen Kirikiño metrailadoreen batailoiarekin (EAJ) batera.

Bizkaiko auzokide batek emandako testigantzetan oinarritu dira gorpuzkiak berreskuratzeko ikerlanak. Kasu honetan, aititek utzitako kontakizunean oinarrituta.