Euskal korrikalariak bikain aritu dira etxeko zein kanpoko lasterketetan
Oihana Kortazar Olla de la Nurian gailendu da Malen Osaren aurretik. Onditz Iturbek, berriz, Bertikalen Espainiako Txapelketa irabazi du. Eta Tolosako Hiru Tontorrak maratoian Mayi Mujika azkarrena izan da.
Ohikoa den bezala, igande honetan ere, han eta hemen makina bat mendi lasterketa izan dira. Etxeko zein kanpoko hitzorduetan euskal lasterkariek, batez ere neskek, goi mailako jardunak egin dituzte. Katalunian jokatzen den sona handiko Olla de Nurian proban, adibidez, Oihana Kortazar, Malen Osa eta Sara Alonsok protagonismoa izan dute.
21 kilometro eta 1.900 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidean Kortazarrek lehia polita izan du Osarekin. Baina duen eskarmentuari esker, helmuga puntuan lehena izan da 2:42:11 denborarekin. Osak jardun biribila egin du; batez ere kontuan hartzen badugu 20 urteko lasterkari hau mendi lasterketetan hasiberria delako. Goi mailako bigarren postua erdietsi du Kortazarrengandik hiru minutura.
Bi euskal korrikalari hauek sasoi ederra erakutsi dute aipatu dugun ibilbide gogor horretan. Puntu garaiena Puigmal mendia (2.913 m) izan dute. Eta, oro har, lasterketaren %70a 2.700 metrotik gora egin dute. Irabazleak adierazi du zalantza ugari izan dituela lehia osoan: «Ez nekien gai izango ote nintzen Malen atzean uzteko. Ibilbidearen lehen zatia niretzako oso egokia zen, baina Malen oso azkarra da, eta hartutako tartea murriztu du. Gainera, eroriko bat izan eta kolpe handia hartu dut sorbaldan. Baina azken jaitsieran estutu eta Malen atzean uzteko aukera izan dut».
Bestalde, Olla de Nuriak beste proba bat izan du: bertikala. Eta 3,7 kilometro eta ia 1.000 metroko desnibel positiboa zituen proposamenean Sara Alonso sasoikoena izan da. 51:53 denborarekin gailendu da.
Bertikalak aipatu ditugunez, Atletismoko Espainiako Federazioak antolatutako Espainiako Txapelketan Onditz Iturbek urrea lortu du. 4,6 kilometro eta mila metroko desnibela dituen ibilbidean bigarren sailkatuari, Sheila Avilesi, minutu bat eta lau segundoko aldea atera dio.
Tolosan, Mayi Mujika
Etxean, berriz, Tolosako Hiru Tontorrak lasterketa jokatu da. Beste ekitaldi batzuetan ez bezala, zazpigarren honek ibilbide berdina (42 kilometro eta 2.800 metroko desnibel positiboa) izan du, baina norabidez aldatu du. Hots, Erroizpe izan da lehen gailurra, Uzturre bigarrena eta hirugarren eta azkena Hernio.
Ekaitza, zeru grisa, ostarte batzuk, sargori… denetarik izan du Tolosako lasterketak. Nesken kategorian, Mayi Mujikak erabateko nagusitasuna erakutsi du. 4:45:14 denbora egin du, eta bigarren sailkatuari, Nerea Amilibiari, 29 minutu atera dizkio. Hirugarrenari, Aitziber Ibarbiari ordubete eta 18 minutu.
Mutilen mailan atzerritar batek irabazi du: Robert Pkemboik. Lasterkari kenyarrak 3:56:29 denbora egin du, eta bigarrena Iñaki Olano izan da irabazlearengandik 11 minutura helmugaratu da. Hassan Ait Chaou, berriz, hirugarren postuan sailkatu da 15 minutura.