INFO

Gutxi hitz egiten da isiltasun preziatuaz

Egunak eman nitzake, han eta hemen, bizitzaren zurrunbiloan, hasieran grinatsu baina gero bizirauten, eta gorputzarentzat lurra izango da gurasoekin, isiltasuna bada ere, partekatzea


Beldurra diogu isiltasunari. Deserosotzat jotzen dugu isiltasuna, deseroso bihurtzen gaitu gu geu. Zarata, zurrunbiloa, gelditu ezinean gabiltza, korronteak garamatza aurrera. Oharkabean pasatzen dira egunak, asteak, hilabeteak, eta buruak ez du deskantsurik hartzen; autobus geltokian zain zaudela ere barnea ez dago isilik, mugikorrari begira, harekin eta bestearekin hitz egiten. Baina, kontua zer da, bizitzaren korronteak gu garamatzala edo gu goazela bizitzaren korrontean?

Asteguna bukatu eta lagunekin poteak hartzea ere ez da deskantsu, une oro iritzi bat izatera derrigortuta gaudelako –edo hori espero dugu elkarrengandik–. Iritzi eta argudio bat, edozein telebista kate edo irratsaiotako tertulia bat balitz bezala. Mundua konpontzeko  asmoz sortzen dira eztabaidak, norberaren egiak zalantzan jartzen dituzten horiek, norberaren bilakaerarako ere aproposak direnak.

Baina halako gauzei indarrez aurre egiteko, batzuetan barnera ere begiratu behar izaten da, barnea baretu behar izaten da eta horretarako isiltasuna izan daiteke lagunik onena. Garbitu egiten du barnea. Barnea baretzen duelako, albokoak ere isiltasun hori errespetatzen duelako, deserosotasun hori askatuta, norberari deskantsua emanez.

Film askotan ere ez da errespetatzen isiltasuna, musikak estaltzen du giro-soinua baina gero eta gehiago dira isiltasunaren aldeko hautua egiten duten filmak.

Isiltasuna aurkitzen dut iluntzeetan, sukaldean, gurutzegramak egiten. Gurasoengan ere topatzen dut isiltasun hori, juzgatu gabekoa eta beharrezkoa. Egunak eman nitzake, han eta hemen, alde batetik bestera, bizitzaren zurrunbiloan, hasieran grinatsu baina gero bizirauten –Mutrikuko igerileku naturalean legez; hasieran olgetan, baina olatua handia denean, arnasestuka–, eta gorputzarentzat lurra izango da gurasoekin, isiltasuna bada ere, partekatzea. Batzuetan asko esan gabe dena esaten delako. Gutxi hitz egiten da isiltasun preziatuaz.