INFO

Izaskun Lesaka, baldintzapean aske, ia hamar urte preso eman ondoren

Izaskun Lesaka burlatarra baldintzapean aske gelditu da astelehen honetan, Pariseko Apelazio Auzitegiak neurri hau hartu eta hiru astera. Ia hamar urteko espetxealdia utzi du atzean. Parisetik Madrilera eraman dute eta bertatik etxeko bideari ekin dio.

Izaskun Lesaka, Madrilgo aireportuan aske. (Etxerat)

Izaskun Lesaka burlatarra baldintzapean aske geratu da azkenik, maiatzaren 20an Parisko Apelazio Auzitegiak hartutako erabakia gauzatuta. Honekin bederatzi urte eta zortzi hilabeteko kartzelaldia amaitu du.

Reau-tik atera da Lesaka, baina kanporatze agindua zegoenean Parisetik Madrilera eraman dute hegazkinez eta Barajasen askatu dute azkenik.

Fleury Merogisetik eraman zuten Reaura 2018. urtean. Etxetik oso urruti bete du zigorra beraz, bi espetxeak Burlatatik 900 kilometro ingurura direlako.

2012ko urrian atxilotu zuten Izaskun Lesaka, Lyonetik 70 kilometrora, Joseba Iturbiderekin batera. ETAko kide izateagatik zigortua izan zen.

2017ko azaroan, Parisko Auzitegian eginiko Jean-Serge Nerin polizikidearen hilketari buruzko epaiketan ETAren adierazpena berak irakurri zuen, zeinean senideei doluminak agertzen zitzaizkien eta bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizun baten aldeko konpromisoa adierazten zen.

Auzitegiaren irakurketa berria

Baldintzapeko askatasuna Parisko Zigorren Aplikaziorako Epaitegiak onartu zion Izaskun Lesakari, aurtengo martxoaren 1ean, baina ohi bezala Fiskaltzak helegitea jarri zuen, azken erabakia atzeratuz.

Dei Auzitegian, ordea, Fiskaltzak albiste txarrak izan zituen. Eta ez soilik baldintzapeko askatasuna berretsia izan zelako, emandako argudioengatik baizik. Maritxu Paulus Basurco abokatuak NAIZen nabarmendu zuenez, «ETA amaitu izanak dakarren egoera berria egiaztatzen du auzitegiak. Eta estreinakoz ETAk 2011n jarduera armatuta bukatua eman ostean atxilotutako pertsonentzako irakurketa hau baliogarria dela adierazten du». Izan ere, aurretik aintzako kasuetarako baino ez zuen ontzat jotzen egitate hau, esaterako 30 urte baino gehiago espetxean emandako Xistor Haranbururentzat.