Aita Marik 11 migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneo Erdialdean
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari euskal ontziak txalupa txiki batean zihoazen 11 migratzaile erreskatatu ditu astearte honetan Mediterraneo Erdialdean.
Itsas Salbamendu Humanitarioak sare sozialetan jakitera eman duenez, Aita Marik txalupa prekario batean jitoan zeuden hamaika pertsona erreskatatu ditu astearte honetako goizeko 5.00ak aldera. Txalupa Zuara (Libia) iparraldetik zegoen galduta eta hondoratzeko arriskuan gainean zeraman gainkarga eta txalupak zituen ur itoginengatik.
«Beraien bizitza ez dago arriskuan. Abisu gehiago egon litezke datozen orduetan, itsasoaren egoerak hobera egin duelako», gaineratu du gobernuz kanpoko erakundeak. Izan ere, erreskatatuek ziurtatu dutenez, gauean, beraiekin batera, txalupa gehiago itsasoratu dira Libiatik.
Eskifaiako kide Izaskun Arriaranek NAIZ Irratiari baieztatu dio erreskatea «pixka bat kostatu» zaiela baina denak onik daudela. Lehorreratzeko portu seguru bat eskatzearekin batera, nabarmendu du Libiako indarren ‘bisita’ ere jaso dutela erreskateari buruzko informazioa eskatuz, eta horrek beren lana ez duela «erraztuko».
Aita Marik jakinarazi duenez, erreskatatu guztiak gizonezkoak izan dira, horietako bat adingabea. Ustez, marokoar, egiptoar, bangladeshtar, Boli Kosta eta somaliar jatorrikoak dira ontziratutako gizonak.
Erreskatatuen osasun egoerari dagokionez, Aita Marik baieztatu du, lehen osasun triajearen arabera, guztiak «osasun egoera onean» daudela. Covid test guztiek emaitza negatiboa eman dute eta eskifaiak arropa eta elikagaiak eskaini dizkiete.
Ekainaren 4an atera zen Aita Mari Borrianako portutik (Castello), eta Mediterraneo Erdialdera itzuli zen, aurtengo bigarren misioan, iragan otsailaren 22an, 176 pertsona erreskatatu eta Lampedusa uhartera eraman ondoren.
Ontzi bakarra
Euskal ontzia da oraingoz inguru horretan dagoen itsasontzi humanitario bakarra; izan ere, Mare Jonio eta Sea Watch ontziek Pozzallon (Sizilia) 436 migratzaile lehorreratu zituzten ekainaren 9an, hainbat erreskate egin eta gero.
Italiako Barne Ministerioak ekainaren 13an emandako azken datuen arabera, urtea hasi zenetik 21.862 migratzaile iritsi dira herrialdeko kostaldera. Iaz, denbora tarte berean, 16.737 izan ziren.
Deportazioak Ruandara
Bestetik, Aita Marik gaur izan du Erresuma Batuak pertsona migranteen aferan Ruandarekin itxitako akordioaren berri: «Erresuma Batuak akordioa lortu du Ruandarekin asilo eskatzaile batzuk herrialde honetara itzultzeko, 120 milioi liberako hasierako ordainketa baten eta deportatutako pertsona kopuruaren araberako ordainketa gehigarrien truke».
Deportazioei dagokienez, Aita Marik argitu du migratzaileak arriskuan jartzen dituen «politika ankerra salatu» nahi duela.
Hori horrela, gogorarazi du hori izango dela, hain zuzen, datorren ekainaren 19an, igandean, egingo dituzten manifestazioen aldarrikapenetako bat.